Euskaldunen kopurua 12 puntu hazi da Euskal Autonomia Erkidegoan azken 30 urteetan. Hiru lurraldeetan egin dau gora, batez be gazteen artean. Gainera euskerearen aldeko jarrera zabala dago, eta herritarren %67k uste dau euskerearen erabilerea sustatua behar dala. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak aurkeztu ditu EAEko VII. Inkesta Soziolinguistikoaren datuak.
2021ean egindako Inkesta Soziolinguistikoa herritarren datu auitortuetan oinarritzen da. Lehenengo Inkesta Soziolinguistikoa 1991an egin zanez, azken hiru hamarkadatan euskereak AEn izan dauen ibilbidea zein dan argitzeko konparazinoak egin ahal dira. EAEko 16 urte edo gehiagoko biztanleriaren artean egiten da inkestea, bost urtetik behin. Lau ikerketa eremiu batzen dira: herritarrn hizkuntza gaitasuna, hizkuntzearen transmisinoa, euskerearen erabilerea esparru ezbardinetan (etxean, lagunartean, eremu formaletan…) eta euskerearen sustapenaren ganeko jarrerea.
EAEn gaur egun 1991an baino 261.000 euskaldun gehiago dagoz, beraz euskaldunen kopuruaren gorakadea 12 puntukoa izan da. Gaur egun 16 urtetik gorako bizilagunen %36’2 da euskalduna, %18’06 euskaldun hartzailea eta %45’3 erdalduna.
Sexuari dagokionez, emakumezkoen artean % 36,5 da euskalduna eta % 35,8 gizonezkoen artean.
VII. Inkesta soziolinguistikoak argi erakusten dau euskal hiztunaren profila gaztetu egin dala azken hogeita hamar urteetan. Euskaldunen ehunekorik handiena 16-24 urte bitarteko gazteen artean dago. Izan be, 16 eta 24 urte bitartekoen %74,5 da euskalduna, 1991n, barriz, %25a zan. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak adierazi dauenez “edozein hizkuntza gitxituren bizibarritzean egon leitekeen daturik onena da gazte-belaunaldiak euskarea ezagutzea. Hizkuntza-ordezkapena iraultzen dabilenaren adierazle nagusienetakoa da”. Orain dala 30 urte adin-talderik euskaldunena zana, 65 urtetik gorakoena, gaur egun euskarearen ezagutza apalena dauena da (% 22,1 euskaldun). Gaur egungo euskal hiztun asko hezkuntza sistemaren bidez edo euskaltegietan euskaldundu da.
Igoerea danean
Euskereak hiru lurraldeetan egin dau gora. Gipuzkoan dago euskaldun gehien: % 51,8 (puntu 2ko igoerea hamarkada baten); ondoren Bizkaia dago (% 30,6; 5 puntuko igoerea) eta gero Araba (% 22,4; 6 puntuko igoerea).
Euskaldunen taldean arreta jarrita, EAEko euskaldunen erdia baino gehiago (% 55,4) gune soziolinguistiko erdaldunean edo nahiko erdaldunean bizi da, hau da, lehenengo eta bigarren eremu soziolinguistikoetan (Sestao, Barakaldo, Irun…). Eta aldiz, gune euskaldunetan, hirugarren eta laugarren eremu soziolinguistikoetan % 44,7.
Erabilerea handitu da
VII. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzetan adierazten danez, euskerearen erabilereak be gora egin dau. Biztanleen % 21,9k egiten dau euskeraz erderaz beste edo gehiago. Guztira, 412.821 biztanle 2021ean eta 271.121 orain dala hogeita hamar urte (6,4 puntuko igoerea azken 30 urteetan). Igoera hori hiru lurraldeetan ez ezik, hiru uriburuetan be egon da.
Euskerea erabiltzen dabenen ehunekorik handiena gazteena da (% 33,5) eta txikiena 65 urtetik gorakoena (% 16,7).
Jenterik gehien bizi dan guneetan egon da igoerea batez be (lehen, bigarren eta hirugarren gune soziolinguistikoetan: 4,4 lehenengoan; 6,4 bigarrenean; 7,3 hirugarrenean), eta gehienbat herri txikiz osotutako laugarrenean jaitsi da erabilerea (-9,7). Aldaketa honetan eragina izan dau besteak beste, lurralde barruko zein kanpoko mugikortasunak.
Hizkuntzearen erabileran eragiten daben faktoreen artean nagusienak izan ohi dira hizkuntza erraztasuna eta harreman sarea. Baldintza horreek batzen diranean izan ohi da euskarea erabilteko aukera gehien. Testuinguru formal zein informaletan egin dau gora erabilereak.
Udal zerbitzuetan egiten da euskera gehien (% 27,4). Ondoren, lankideen artean (% 26,8); gero, osasun zerbitzuetan (% 23,1) eta lagun artean % 22,1. Datu hau be adierazgarria da bereziki Administrazioaren aurrean euskereare alde egiten dan hautua gero eta euskerearen aldekoagoa dala adierazten dauelako.
Gorakadea transmisinoan
Familia bidezko euskerearenn transmisinoari dagokionez, gora egin dau bai bikote euskaldunetan zein bikote mistoetan. 3-15 urte bitarteko seme-alabak dituen familien hizkuntzearen portaera zelakoa dan jakiteko, inkestatuei galdetu jake zein hizkuntza transmidu deutsien seme-alabei. Transmisino hori aztertzeko, gurasoen hizkuntza-gaitasuna eta lehen hizkuntza izan dira kontuan.
Guraso biak euskaldunak diranean eta bien lehen hizkuntza euskarea danean, % 98k euskerea bakarrik transmitidu dau etxean eta % 2k euskarea eta erdarea. Gurasoetako bat baino ez danean euskalduna eta bere lehen hizkuntza euskarea denean, % 84k euskerea eta ederea transmitidu ditu, eta % 16k erdara.
Gurasoa ama ala aita izan, aldea dago sexuaren araberako transmisinoan. Ama edo aita bakarrik euskalduna dan kasuan amen % 49,9k transmitiduten dau euskerea eta erderea, eta aiten % 41,7k euskerea eta erderea.
Euskerearen aldeko jarrera zabalagoa
EAEko 16 urte edo gehiagoko biztanleen % 67 euskerearen erabilerea sustatzearen alde dago, % 26,3 ez alde ez aurka, eta % 6,8 aurka. Holan ba, euskerea sustatzearen aldeko jarrereak gora egin dau azken 30 urteotan. 1991ko eta 2021eko datuak alderatuz, euskerea sustatzearen alde dagozanen ehunekoak 12 puntuko hazkundea izan dau (2021ean % 67 eta 1991an % 55).
EAEko 16 urte edo gehiagoko biztanleen %74’7k uste dau Administrazinoan sartzeko euskeraz jakin beharko litzatekeela: %89’3k ume guztien euskerea ikasi beharko leukiela, eta aldiz, %49’3k irrati edo telebisinoko programek gehiago egin beharko leukiela euskeraz.
Zupiria sailburuaren arabera, “Euskerearen legeak, gizartearen aldeko adostasunak eta ibilbidean ipinitako baliabide askotarikoek lagundu dabe euskerearen bizibarritze prozesua positiboa izaten”. Datu honeek berresten ei dabe gizarteak euskerearen alde egindako apustua sendoa izan dala eta sendoa izaten jarraitzen dauela gaur egun be.
Inkestearen ganeko informazino zehatza
Egin klik hemen VII. Inkesta Soziolingustikoaren aurkezpena eta zehaztasun guztiak ikusteko.