Esther Apraiz: “Udalgintza feminista baten alde egingo dogu”

Derioko alkatea EUDELeko presidente barri izentau dabe gaur
EUDELeko burua eta bi presidenteordeak Donostian egindako batzar nagusian / Bizkaia Irratia

Esther Apraiz, Derioko alkatea, EUDELeko presidente barria da. Orain dala lau urte egin eben lez EAJk, EH Bilduk, PSEk eta talde independenteek hautagaitza bateratua aurkeztu dabe. Hautagaitza hori gaur onartu dabe EUDELek Donostian egindako batzar nagusian.

Esther Apraiz jeltzaleak Gorka Urtaranen lekukoa hartu dau eta Euskadiko udalen erakundearen aginte makila  jaso dau. Presidenteordeak Azpeitiko alkatea, EH Bilduko Nagore Alkorta eta Irungo alkate sozialistea, Josu Luis Santano izango dira. Azken bi honeek karguan jarraituko dabe. Eudelen Zuzendaritza taldeak 15 kide izango dauz eta horreen artean Maruri-Jatabe, Galdakao, Zaldibar eta Portugaleteko alkateak izango dira. Baita Zalla Bai plataformako zinegotzi bat be.

EUDELen helburu nagusiak udalgintza femenista baten alde egitea dala esan dau Apraizek. “Emakume hautetsien lidergoa sendotzeko EUDEL berezko gune bihurtzea nahi dot” azaldu dau. Era berean herritarrekiko konfiantzea sustatzea eta lankidetza instituzionala garatzea helburu lez aitatu dauz Esther Apraizek.  Elkarteburu barriak EUDELen “hurbiltasun” eta “adostasun” balioak defendau dauz, udalen eta euskal herritarren erronka amankomunen aurrean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular