“SOS Deiak” larrialdi zerbitzuak 40 urte bete dauz

55 pertsonak 112 zenbakira egindako deiei erantzuten deutsie eta beste 60k larrialdi guztien jarraipena eta koordinazinoa egiten dabe
SOS Deiak, Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroaren 40. urteurrena ospatzeko ekitaldia / Bizkaia Irratia

Josu Erkoreka Segurtasun sailburua eta Larrialdiei Aurregiteko Euskal Zerbitzuko arduradun ugari bildu dira urteurrena ospatzeko ekitaldian. Horretaz aparte,  Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Zerbitzua osatzen daben erakunde publiko eta pribatuen ordezkari ugari alkartu dauz, eta, besteak beste, Ertzaintza, udaltzaingoak, Osakidetza, Suteen Itzalketa Zerbitzuak, Babes Zibila, Gurutze Gorria, DYA, Mendiko Euskal Federazioa, Euskadiko Laguntza Txakurren Taldea eta Euskal Espeleologoen Elkargoa egon dira bertan ordezkatuta. Ekitaldia aitzindarien eta zerbitzuaren lana omentzeko eta autortzeko izan da.

Gaur egun, 55 pertsonak erantzuten deutsie 112 zenbakira egindako deiei. Beste 60 larrialdi guztien jarraipena eta koordinazinoa egiteaz arduratzen dira. SOS Deiak-ek zerbitzu hobea eskaintzen daben tresna barriak daukaz gaur egun. Adibidez, lokalizazino-sistema, 112 zenbakira deitzen dauen personaren posizinoa zehazteko gai dana.  Beste tresna barri bat,  “SOS deiak” aplikazino mobikorra da. Bertan, personak geolokalizetako eta argazkiak bialteko sistema bat dago, bilaketa, erreskate eta sorospen-denborak laburtzeko. 

HASIERATIK

1983ko martiaren 29an, argitaratu eban Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak Ekintzak Koordinatzeko Zentroak, Lurralde Historiko bakotxean bat, sortzeko dekretua, garai hartan “Herritarren Segurantzarako Osoko Egitamua” deitzen zanaren garapenaren barruan. Handik hiru urtera, 1986an, 088 telefono-zenbakia ezarri zan larrialdietarako, nahiz eta hasiera batean zenbakia Ertzaintzari jagokon. 088 zenbakia 1997ra arte egon zan indarrean, eta urte horretan Europar Batasunak 112 zenbakia ezarri eban estadu kide guztietarako. Halan be, “Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko Legeak” 2012an izentau eban Euskadiko segurtasun publikoaren sistemako zerbitzu guztietara joteeko larrialdietako telefono-zenbaki bakarra.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00