Bizkaiko Elikagaien Bankuaren kanpaina barria maiatzaren 12an eta 13an

Laguntzaileei esnea eta olioa aukeratzeko eskatu deutsee, gehien eskatzen diran produktuak diralako
Bizkaiko Elikagaien Bankua / Bizkaia Irratia

Bizkaiko Elikagaien Bankuak esnea eta olioa emoteko eskatu dau, elikagaiak biltzeko maiatzaren 12an eta 13an egingo dan kanpaina barrian. Izan be, persona bakotxeko esne-banaketa hilean 6 litrotik 4 litrora murriztu behar izan da, produktu horren prezio altuagaitik, eta oliba-olioaren ordez  ekilore-olioa emoten da orain. Arazo hori “larriagotu egiten da, 2023an, gizarteratze funtsakaz, Europar Batasunak ez dauelako esnerik edo oliorik banatuko, batez be adinbakoentzat behar-beharrezkoak diran produktuak, bazterkeria jasateko arriskuan dagozan personen taldean kaltetuenak diralako”, adierazi dabe.

Bizkaiko Elikagaien Bankuaklaguntza preminan dagozan 1.500 persona gehiagogaz  emon deutso hasierea 2023. urteari.  Banaketa-zentro barri bat edegi dau Getxon. Zentro hori Gurutze Gorriak kudeatzen dau, eta Elikagaien Bankuak emoten dauz banatu beharreko produktuak.

Bizkaiko Elikagaien Bankuak 26.668 persona artatzen dauz; horietatik 20.764 helduak dira, 5.197 12 urtetik beherakoak eta 702 bularreko haurrak.”Adin txikikoen eta bularreko umeen kopuru handiak” azaltzen dau esnearen eta umeentzako produktuen beharrak sortzen dauen interesa, “Hain zaurgarria dan eta modu egokian garatu ahal izateko lehentasunezko arretea behar dauen” biztanleriaren sektorea artatzeko, adierazi dabe.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00