Elena Unzueta Torre Bizkaiko Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako foru diputatu ohia izango da Caritas Bizkaiaren zuzendari barria irailetik aurrera. Elena Unzueta, Zallakoa, soziologoa eta Eleizbarrutiko Pastoral Kontseiluko kidea izango da. Ordura arte, HAZI Fundazioan jarraituko dau, izan be bertan barrikuntza teknikari lanak egiten dauz.
Unzuetak ilusino handiz hartu dau zeregin barria, eta bere ustez “sinismenetik pertsonei eskainitako zerbitzua politena, ilusinonagarriena eta gizatiarrena da”. Gainera, gotzainari eskerrak emon gura izan deutsoz gaur egun hain beharrezkoa dan proiektuaren buru izateko beregan jarritako konfiantzagaitik.
Bestalde, eleiz erakundearen egungo zuzendaria, Carlos Bargos, arduratuko da Bilboko Gotzaindegiko Idazkaritza Nagusiaren eta Laikorako Idazkaritzaren Zuzendaritzaren erantzukizunaz. Gainera, Juan Manuel Seco Caritas Bizkaiako idazkari nagusiak Ondasun Higiezinen Arduradun moduan jardungo dau, egitura barri honegaz indartuko dan esparru estrategikoa, Bilboko Eleizbarrutiak jakinarazo dauenez.
Errelebo-prozesua zezeilean hasi zan
Joan dan zezeilaren 7an, Bizkaiko Caritaseko Elizbarrutiko Kontseiluak, gotzainaren eskariz, erakundearen zuzendaritzan erreleboa hartzeko bereizketa-prozesua martxan jartea erabagi eban. Kontsulten eta ekarpenen epea amaituta, astelehen honetan Gotzain-kontseilu Zabalduan eta erakundearen barruan zuzendari barria ezagutzera emon da.