Abadiñok Iurretako Gallanda Txirrindularitza Klubak antolatzen dauan eta UCI Women Junior Nations Cup izenekorako puntuagarria izango dan Bizkaikoloreak txirrindularitza probaren lehen etapea hartuko dau zapatu honetan, hilaren 22. Herrian abiatu eta amaituko dan 64,7 kilometroko etapea 16:00etan hasiko da Zelaietan eta irabazleak Gaztañodi kaleko helmuga 17:30en ondoren zeharkatzea aurreikusten da.
Probak Abadiñoko Udalaren laguntza izango dau laugarren urtez jarraian. Izan be, Abadiñoko Udalak emakumeen kirola sustatzeko konpromiso sendoa hartu dau, alde bikoitzean, emakumeek kirol-jardueretan parte hartzea sustatuz eta umeentzako erreferente izango diran emakumeen kirol-ekitaldiak lagunduz.
Lehen etapea honetan tropelak 64,7 kilometroko ibilbidea egingo dau, Miotatik hiru aldiz igaroko da eta 4. mailako Berrizburu mendatera igoko da. Domekan Iurretan hasi eta amaituko dan bigarren etaparekin itxiko dan proba UCI Women Junior Nations Cup-en egutegiaren barruan dago.
Denporaldi honetatik aurrera, Abadiñoko Udalak, Eneritz Iturriaga txirrindulari olinpiko ohiaren eskutik datorren emakumezkoen 23 urtez azpiko Abadiño Cycling Academia babesten dau. Lehen aldiz, profesional bihurtzeko helburua daukaten inguruko korrikalariek osatutako emakumezkoen txirrindulari talde bat dago Abadiñon.