Euskal Encounter 31 topaketak komunitate digital erraldoi bat elkartuko dau BECen

Garagarrilaren 22tik 25era egingo da
2022ko Euskal Encounterra BECen / Euskal Encounter

Euskal Encounter 31 topaketak teknologia barrien zaleak bilduko dauz BECen. Komunitate digital erraldoi bat alkartuko da bertan garagarrilaren 22tik 25era, eta 150 jarduera baino gehiago gauzatuko dira lau egunetan zehar. 96 orduz jarraian, prestakuntza-ekintzak, lehiaketak eta ekintza solidarioak izan dira, besteak beste, Barakaldoko azoka-barrutian. Euskal Encounter ekimena mota honetako hitzordu nagusia da Estatuan, tamainari, parte-hartzaile kopuruari eta beteranotasunari dagokienez.

Programautako 30 tailer eta berbaldi baino gehiagotan gaurkotasun teknologikoarekin lotutako gaiak jorratuko dira, hala nola adimen artifiziala, Gauzen Interneta, zibersegurtasuna edo bideojokoen sektorea. Ekintza horrek doakoak dira interesa dauen edonorentzat, ez soilik topaketako parte-hartzaileentzat. Euskal Encounter-ak ohiko atalak be hartuko dauz, hala nola sormen digitala, hardwarea, software librea, jokoak eta beste jarduerak, programazino ludikoena biltzen dauan arloa. Euskal Encounter-eko partaideek aukera izango dabe sormen digitaleko lehiaketetan parte hartzeko. Era berean, dozenaka bideojoko txapelketetan edo software libreko lehiaketetan parte hartu ahal izango dabe. Jarduera horreetan informatikariak eta programatzaileak lehiatuko dira, antolatzaileek planteatzen deutsiezan erronkei aurre egiteko. Opengunean, parte-hartzaileei nahiz publiko orokorrari irekitako eremuan, informatikaren sektoreko enpresek beren produktuak aurkeztuko dabez, eta Euskadiko Odol Emaileen Elkarteak gune bat izango dau, parte-hartzaile eta bisitari solidarioenen lankidetza bilatzeko. Teknologia barrien festa honen beste une deigarrienetako bat Cosplay lehiaketak izango dira. Horreetan, lehiakideek beren trebetasun eta estiloa erakutsiko dabe manga, anime, bideojoko eta telesaileko pertsonaia mitikoen janzkera sortu eta haien antzera desfilatzeko garaian.

Antolatutako bi lehiaketak, Runway eta Contest, garagarrilaren 22an, arratsaldez, egingo dira. Edizino honetan, gainera, euskal informatikaren festak streaming eremu bat izango dau berriro, mundu digitalean hedapen handia daukan sektore honetako eduki sortzaileek be euren lekua eduki dezaten bilkuran. Ezagutzak eta esperientziak trukatzeko gune hau izan zan iazko berrikuntza nagusia, eta harrera bikaina ikusita, tarte bat lortu dau urteroko egitarauan.

Euskaltel Fundazioa arduratzen da Euskal Encounter antolatzeaz, Eusko Jaurlaritzaren (SPRIren bitartez), Bizkaiko Foru Aldundiaren, BBKren eta Euskaltelen babesarekin. Telekomunikazinoen euskal enpresa, gainera, Interneterako sarbidea ezartzeaz arduratzen da, segundoko 60 gigabiteko abiadurarekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular