Balearen desfilea abuztuaren 20an, domekan, egingo da 19:00etatik aurrera. Plaza Biribiletik urten eta Kale Nagusia zehartuko dau, eta Maria Diaz de Haro kaleko bidegurutzean amaituko da. Ibilbideak Moyua plazea zeharkatuko dau ezkerraldetik, Carlton hotelaren aurretik pasatuz.
Itsas gaiak ardatz hartuta, bost puzgarri erraldoi izango dira desfilean: Balea Baly, Olagarroa, Txangurroa, Besigua eta Txirla. Baita beste puzgarri batzuk be, otarrainak, marmokak, itsas zalditxoak, karramarroak eta abar. Personaia, konpartsa, fanfarrea, txaranga, antzerki eta musika taldeak be izango dira protagonista.
Artista talde handien artean, arpoilariak, sukaldariak, uriko dantzariak eta txotxongiloak nabarmenduko dira, baita itsasoko lehoiak be. Saregile (neskatila) eta paketatzaileen lanbideak ordezkatzen dabezan emakumeek soilik osotuko dabe konpartsa, eta euskal portuetako emakume lanbide zaharrenei “ahotsa” emongo deutse. Emonaldia antzerki amateurreko aktoreakaz landuko da eta mogimendu eszenikoak erreproduziduko dauz sareak eta sardin otzareak erabiliz, artisau lanean erabilitako lanetan oinarrituta.
Desfileak Bizkaiko Foru Aldundiaren Jauregiaren aurrean erreserbautako espazio bat izango dau, dibersidade funtzionala daben pertsonentzat. Gune horretara sartzeko desfilea hasi baino ordubete lehenago joan beharko da.
Aurten, barrikuntza lez, 16:00etatik aurrera konfeti-poltsa batzuk jaso ahal izango dira desfilearen 3 puntu desbardinetan. Puntu horreek Oteizaren eskulturan (udaletxearen aurrean), Plaza Biribilean (turismo bulegoaren aurrean) eta Moyua plazan egongo dira.