David Pardo (UPV/EHU) ikertzaileak eta Judit Muñoz Basque Center for Applied Mathematics (BCAM) zentroko ikertzaileak koordinatutako IN-DEEP proiektuak Marie Curie Doctoral Network beka lortu dau, Europako lehiakorrenetako bat, 2,3 milioi eurokoa, BCAMek eguen honetan jakinarazi dauanez.
IN-DEEPek kualifikazino handiko doktoregaiak prestatu eta gainbegiratu nahi dauz, Europar Batasunean dagozan ikerketea-arloetako eta sektoreetako unibertsitateen eta enpresen partzuergoaren bitartez. Proiektuaren ardatza geofisikarekin, hiri adimendunekin eta osasunarekin lotutako aplikazinoen ondoriozko arrisku handiko benetako arazoak izango dira.
Judit Muñoz BCAMeko koordinatzailearentzat, “aukerea paregabea eta erronka da” doktoregoko lehen ikasleak zuzentzeko eta, horrela, “senior ikertzaile independente gisa karrera sendo bat” lantzeko.
IN-DEEP proiektuaren helburu nagusia bederatzi doktoregairi goi-mailako prestakuntza emotea da, ikaskuntza sakoneko algoritmo esplikagarriak (Deep Learning) diseinatu, ezarri eta erabiltzeko. Algoritmo horiek ezagutzan oinarritzen dira, Ekuazio Partzialek (Partial Differential Equations, PDE) gobernatutako alderantzizko arazoak azkar eta zehatz ebazteko.
BCAMek adierazi dauanez, “ikerketea arlo honek hazkundea izan dau mundu osoan azken hamarkadetan, aplikazino askotan izandako emaitza oparoengatik”. “IN-DEEPek funtsezko ikerketea garatuko dau unibertsitateetan eta ikerketa-institutuetan, eta baliozkotu eta aplikatuko da zentro teknologikoetan eta enpresetan benetan erabiltzen diran kasuetan”, gaineratu dau.
AUKERA BAT
“Aukera bat da proiektuaren partzuergoarentzat ezagutzaren mugan emaitzak sortzea, abangoardiako teknologiak garatuz diziplina anitzeko eta sektore arteko ikuspegitik”, ondorioztatu dau Muñozek.
Proiektuaren partzuergoa Europako zazpi unibertsitatek eta ikerketa-zentrok osatzen dabe: Euskal Herriko Unibertsitateak, erakunde koordinatzaileak, Nottinghamgo Unibertsitateak (Erresuma Batua), Paviako Unibertsitateak (Italia), Torinoko Politeknikoak (Italia), Arte eta Lanbideetako Goi Mailako Eskolak (Frantzia), AGH Unibertsitateak (Polonia), Matematika Aplikatuen Euskal Zentroak (BCAM) eta Tecnalia Research and Innovations eta Siemens bi enpresak, BCAMetik adierazi dabenez.