Getxok interes berezikotzat jo dauz Romoko Belaunaldien arteko Zentroa eraikitzeko obrak

Udalak autobus zerbitzua ezartzeko azterketea teknikoa egiteko konpromisoa hartu dau
Erromoko Belaunaldien arteko Zentroa / Getxoko Udala

Getxoko udalbatzak Lope de Vega kaleko 12. zenbakian dagoan Romoko Belaunaldien arteko Zentroa eraikitzeko obren interes edo erabilgarritasun bereziko udal deklarazinoa onartu dau, 2020an Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sinatutako hitzarmenaren ondorioz, udalak jakinarazi dauanez.

Ignacio Uriarte Diruzaintzako zinegotziak adierazi dauanez, “ezin da zalantzan jarri Getxon foru egoitzako 100 plaza barri behar eta erabilgarri izango dirala, bai eta udalaren aldetik be, Romoko eta, oro har, Getxoko gazteen zati baten emantzipazinoa erraztuko daben 40 zuzkidura-bizitokien aldetik”.
Gainera, adierazi dauanez, bi ekipamenduak bizi eta baliatzen dabezan pertsonen arteko konexino eta harreman sozialerako baliabide publikoen planteamendua eta destinoa da “ekipamendu barri honen interes publikoak eta interes sozialak gehieneko hobaria justifikatzea eragiten dauan arrazoi nagusia, % 95eko hobaria, eraikuntza, instalazino eta obren EITan”.

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek puntu horren aurka bozkatu dabe. Koalizino abertzaleak adierazi dauanez, “Gobernuak eraikina eraistea lortu dau, baina ez bizilagunen erresistentzia eta Romoko gazteen eta adinekoen arteko lankidetza”. “Hitzarmen lotsagabe honen eta zuen inposaketaren aurka gaude”, salatu dau.

Bestalde, Elkarrekin Podemosek azpimarratu dauanez, “dagoeneko bagenuen interes sozialeko zentro bat”. “Bakarrik jarraituko dozue zentro barri honen defentsarekin. Ez dogu pilotakada urbanistikorik edo klientelismorik babestuko “, baieztatu dau.

HIRI-AUTOBUSA

Mozioen atalean, oniritzia eman jako EH Bildutik abiatu dan eta EAJ/PNVk eta PSE-EEk transakzionatu daben proposamen bati. Bertan, Udalak konpromisoa hartu dau Getxoko hiri-eremuak zeharkatzen dauzan udal-autobus zerbitzu bat ezartzeko azterketea tekniko bat egiteko, herritarrekin prozesu parte-hartzaile bat egiteko eskaerea ezagutzeko (aipatutako azterketaren emaitzetatik eta ondorioetatik abiatuta), eta hiri-autobusaren proba pilotu bat egiteko (azterketarekin eta partaidetza-prozesuarekin bat etorriz).

Azkenik, Elkarrekin Podemosen mozio bat atera da aurrera, Udalak konpromisoa har dezan, ingurune seguruetan, argiztatuetan eta langileek artatutakoetan, bainu publikoak jartzeko jaietako eremu guztietan, banakako komunak, pixatokiak, ispiludun konketak eta bainugela egokituak dituzten aldi baterako moduluetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00