Goikoetxea-Lopezek Urrezko Xistera irabazi dabe Biarritzen

Johan-Sorozabalen aurka izan da 3 setetan, 10-15, 15-5 eta 5-4ko emaitzekin
Goikoetxea eta Lopez garaile Biarritzen / Jai Alai World Tour

Aurtengo Urrezko Xisterako finala (bere historiako 47.a) sinbologiaz betea egoala esaten genduan, partidu aurreko analisietan. Belaunaldi eta aro aldaketa sinbolizatzen dauan finala izan da. Baita, zesta-puntan, Iparralde-Hegoalde arteko oreka barriaren adibide be. Final ez-ohikoa, lau protagonistetako inor ez baitago bere “onenean”. Goikoetxea eta Lopez, pelota uzten hasiak diran belaunaldikoak dira (Imanoli oraindik geratzen jako eta ez dauka aurkaririk), eta Sorozabal anaiak, oraindik erabat egiteko dagoz. Halako adin diferentziarekin (21-22 urte lapurtarrek, 43-39 gipuzkoarrek) mirari bat da lau pelotari hauek final handi batean koinziditu izana. Zoriak, eta pelotarien kalitateak, posible egin dabe bi belaunaldi hauek final handi batean elkar topatzea. Goikoetxearentzat bere hirugarren eta azken Urrezko Xistera izango da. Imanolek palmares zabalagoa dauka Biarritzen eta oraindik handitzen jarraitu nahiko dau. Gazteak, pelotan jokatzen hasi besterik ez dira egin. Johanen bigarren denporaldia dugu hau eta Gorkaren lehendabizikoa.

Partida aurretik Goiko eta Lopez ziran faborito nagusi. Esperientzia falta daukate oraindik gazteek, baina etxean jokatzen eben, publiko guztia beren alde jarrita, eta kantxaren ezaugarriak alda zitzakeen bero eta hezetasun handiarekin. Gazteak hasi ziran hobeto. Hotzago barriz zumaiarrak. Konturatu orduko 3-8 ziren markagailuan atzetik. Atsedenaren ondoren ahalegindu ziran egoerari bueltea emoten, 6 eta 8ra ere urreratu ziran baina Johanek eta Gorkak seta kontrolatuta izan dabe uneoro. 15-10 lehendabizikoa lapurtarrentzat.

Bigarren jokoan gorriak biziago ikusi genduzan. Goikoetxeak errematatuz hasi eban seta eta 5-1 eta 8-3 jarri ziran aurretik. Atsedenaren osteko lehen bi tantuak be zumaiarrentzat izan ziran eta horren aurrean, Johanek eta Gorkak indarrak eta esfortzuak neurtu ebezan, hirugarren setean pentsatuz. Tantuak laburtzen ahalegindu zan Gorka, Johan be sake zail batzuetara sartu zan eta 15-5 , errez nagusitu ziran bigarren jokoan Iñaki eta Imanol.

Desenpatean, lehen tantua orlegiek egin eben. Ondoren 1-1. Hurrengo tantuan Lopezek pelota punpa gora sartu eta erreboteko goiko aldera bota eban (1-2). Bina bardindu eben ondoren, 3-2 zumaiarrak aurretik, 3-3 berdindu biarriztarrek, 4-3 berriz gipuzkoarrak aurretik, 4-4 eta azken tantuan Imanol Lopezek agintea hartu eban. Sake errestotik bertatik eskumaz hasi zan jokatzen, pelota guztiei abiada bizia emon deutse eta baita noranzko egokia be, bi aurkarien erdian intentzino handiz kokatuz, Gorkarentzat pelota ezinezkoa jarri dauan arte. 5-4 eta txapela Zumaira.

Baliteke partidu hau (Goiko-Lopez vs Sorozabal anaiak) sekula gehiago ez ikustea, baina behin behintzat jokatu da. Horren lekuko izan dira Euskal Jai pelotalekuko 1.700 zaleak. Danak zutik jarri eta txaloka hasi dira, partidua bukatu bezain laster. Agur usaineko partidua izan da Goikoetxea badoalako. Eta era berean, ongietorriena be bai. Gauzak normal badoaz, hainbat final jokatu eta irabazten ikusiko doguzalako hurrengo urteetan Ana Mari Sorozabal margolari donostiarraren iloba pelotariak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular