Guztira 73 barraka egongo dira Etxebarria parkean abuztuaren 11tik irailaren 3ra

Helduentzako hamaika atrakzino, haurrentzako hamalau, sei txurro denda, hamazazpi etxola, tabernak, ikuskizunak eta zirkua egongo dira
Etxebarri parkeko barrakak eta musikariak / Europa Press

Barrakak eta zirkua abuztuaren 11n itzuliko dira Bilboko Etxebarria parkera, eta irailaren 3ra arte egongo dira zabalik. Danetara 73 atrakzino izango dira. Gunea abuztuaren 11n zabalduko da 17:00etan, eta irailaren 3an itxiko da. Inaugurazino ofiziala Aste Nagusiko txupinaren bezperan izango da, abuztuaren 18an, eta, ohikoa dan lez, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak egingo dau.

Udalak 73 atrakzino jartzeko baimena emon dau, 2022an lez. Helduentzako hamaika barraka, haurrentzako hamalau, sei txurro-denda, askotariko hamazazpi etxola, terrazadun lau taberna, ikuskizunak, trebetasun-makinak, ausazko jokoak eta zirkua egongo dira.

Gunea egunero 17:00etan irekiko da, baina ixteko ordutegia aldatu egingo da fetxaren arabera. Horrela, Aste Nagusian, abuztuaren 19tik 26ra, 04:00etan itxiko da (03:00etatik 04:00etara soinurik barik). Abuztuaren 13tik 17ra, eta 27an eta 28an goizaldeko 01:00 itxiko da (gauerditik aurrera soinurik barik). Abuztuaren 11, 12 eta 18an eta irailaren 1 eta 2an, 02:00etan itxiko da (00:00etatik aurrera soinurik barik). Eta abuztuaren 29, 30 eta 31n eta irailaren 3an, 01:00etan itxiko da (ordu bi lehenago soinurik barik).

Gainera, Bilboko Udalak azaldu dauanez, Etxebarria parkeko gunea “ahalik eta inklusiboena” izateko, aurten be ordu-tarte batzuk ezarri dira, soinu-aldaketarik barik, autistek barrakez “inolako kalterik barik” gozatu ahal izateko. Horrela, abuztuaren 20, 23 eta 25ean (17:00etatik 20:00etara) barrakak musika bako eta bestelako soinu zaratatsu bakoak izango dira.

ZIRKUA

Barraka guneko ostantzeko atrakzinoak lez, zirkua abuztuaren 11tik irailaren 3ra bitartean egongo da edegita.

Etxebarria parkean orain dala gitxi egokitutako egon-leku, laku eta zuhaiztiak dirala-eta, zirkua inguruko beste leku baten jarriko dabe. Parkea eta Zumalakarregi etorbidea lotzen dauan igogailutik gertuen dagoan eremuan egongo da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular