Sopelako Udalak Oihane Hernandez futbolaria omendu dau

Abuztuaren 20an Australian eta Zeelanda Barrian irabazitako munduko futbol txapelketagatik
Oihane Hernandezeri egindako harrera / Sopelako Udala

Sopelako Udalak eta herriak udaletxearen inguruan egin zinoen atzo omenaldia Oihane Hernandez Zurbano futbolari sopeloztarrari, abuztuaren 20an Australian eta Zeelanda Berrian irabazitako munduko futbol txapelketagatik.

Omenaldian, besteak beste, Jose Angel Iribar atezain ohia, Athleticeko emakumezkoen taldeko jokalariak diran Garazi Murua, Naroa Uriarte eta Bibiane Schulze, Betiko emakumezkoen taldeko jokalariak eta zuzendaritza izan ziran, besteak beste.

Omenaldian Ugeraga futbol taldeko Zuzendaritza Batzordea eta gazte mailako eta lehen taldeko jokalariak be izan ziran. Egindako agerraldian ez eben zalantzarik izan Oihane Hernandezen ibilpidea goraipatzeko, futbolean aritzen diran emakume gazteentzat “eredu” dala azpimarratuz:

“Oztopoak oraindik gogorrak badira be, futbolean edozein lekutara irits gaitezkeela erakutsi deuskuzu”. Ugeragako jokalariak itxaropentsu agertu ziran etorkizunarekin eta emakumeak kirolaren munduan hartzen ari diran oihartzunarekin: “Emakume futbolarien harrobi indartsua sortzen ari gara Sopelan”, ziurtatu eben.

Une oro oso hunkituta agertu zan jokalari omendua, txalo artean aitortu eban “lortutako lorpena ez ebala oraindik guztiz barneratu” eta ez eukan zalantzarik izan jasotako babes eta errekonozimendu adierazpen guztiak “bihotzez eskertzeko”. Futbolari sopeloztarrak kirol munduan hasten ari diran gazte guztiei berba batzuk eskaini nahi izan zizkien: “Ahaleginak beti bere saria daukala eta bidean aurkituko dauzkaten oztopoak gorabehera, beren ametsa egia bihurtzen saiatzera animatzen dodaz”, nabarmendu eban.

Kirol inklusiboa

Bestalde, Aitziber Onaindia Sopelako Udaleko Kirol Saileko zinegotziak Oihane zoriondu eban, “kirol inklusiboago baten alde lan egiteagatik”.

“Kirolean maila gorenean bardintasunez lehiatzeko aukera daukagula erakutsi deuskuzu. Eredu zara Sopelako emakume kirolarientzat”, nabarmendu eban.

Bestalde, Udalak “bardintasunean oinarritutako Sopela baten alde lanean jarraitzeko konpromiso argia” daukala gaineratu eban zinegotziak. Azkenik, kirol zinegotziak euskal selekzinoak nazinoarteko txapelketetan ofizialki lehiatzearen alde egin eban: “Gaur Sopelara Euskal Selekzinoaren ofizialtasunaren aldeko aldarria ekarri nahi dogu. Euskal Herritik mundura!”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00