Athleticek Ligako seigarren jardunaldiari hasierea emongo deutso Mendizorrotzan Luis Garciaren Deportivo Alavesen aurka. Dinamika on batean, 15 puntutik 10 lortuta, zuri-gorriek puntuak gehitzen jarraitu gura dabe sailkapenaren goialdean finkatzeko. Horretarako, Ernesto Valverdek jokatzeko prest dagozan guztiak deitu dauz , Nico eta Nolaskoain izan ezik. Alavesek (6 puntu) lehoien aurka jokatuko dau Vallecasen galdu ostean (2-0). Etxean jokatutako bi neurketetan hiru puntuak lortu dabez (Sevilla eta Valentziaren aurka), beraz, Mendizorrotzak garaipena besterik ez dau ezagutzen oraingoz eta Athleticek 20 urte baino gehiago daroaz Gasteizetik garaipenagaz urten barik. Muñiz Ruizek zuzenduko dau Pizarro Gomezekin VARean jokatuko dan partidua. Polemikaz beteriko epailea, Real Madrilen aurkako Ligako azken partiduan Carvajalek Yuri lesionatu eban eta Muñiz Ruizek ez eban kanporatu gura izan.
“Irabazi barik geratzeak postuak kentzen deutsuz”
Ernesto Valverdek badaki oso garrantzitsua dala sailkapenaren goialdean finkatzea, eta horretarako hiru puntuak beharrezkoak dira: “Hiru puntu batzeak sekulako garrantzia emoten deutsu taulan eta irabazi barik geratzeak postuak kentzen deutsuz”. Oraindik asko geratzen da, eta teknikariak onartu dau oraindik lan asko dagoala egiteko helburuak lortzeko: “Gure asmoa da lehen hamar jardunaldi honeetan ondo kokatuta egotea eta ahalik eta puntu gehien batzea. Harria txikitzen jarraitu behar dogu”. Emaitza onak izaten jarraitzeko zer egin behar dan, «mantendu eta hobetu» behar da: «Erabagigarriagoak izan behar dogu azken zatian, baina baita beste alderdi batzuetan be. Gauza batzuk mantendu egin behar doguz eta beste batzutan apur bat hobetzeak asko emongo deusku. Baina hori da futbolaren gauzarik zailena». Partiduaren atarikoa bariku honetan, irailaren 22an, 20:30etatik aurrera Jokoan saioan Bizkaia Irratian.
DEIALDIA
Athletic Club: Unai Simón, Agirrezabala, Vivian, Paredes,Yeray, Vesga, Berenguer, O. Sancet, I. Williams, Muniain, Guruzeta, Dani García, I. Lekue, Ruiz de Galarreta, Yuri, De Marcos, Imanol, Villalibre, Ander Herrera, Raúl García, Prados, Adu Ares y Unai G.