Sepp Kuss (Jumbo-Visma) estatubatuarrak irabazi dau eguen honetan Espainiako Itzuliko 78. edizinoko seigarren etapea , eta Lenny Martinez (Groupama FDJ) frantziarra da lider barria.
Jardunaldia maila handiko ihesaldi handi batek markau eban eta sailkapen nagusiko lehen 25etatik 11 egozan. Bertan, Kuss izan zan azkarrena, bere taldearen erakustaldi batean etaparen azken zatian, Jonas Vingegaard eta Primoz Roglic taldekideek segundo batzuk atera baitzizkioten Remco Evenepoeli (Soudal Quick-Step), azken igoeran sufritu eta lasterketako lidergoa galdu baiteban, 20 urteko Martinez harrigarri baten mesedetan.
Bariku honetan etapa lau barri bati ekingo dinoe txirrindulariek, helmugaratze handi baterako ezin hobea, Utielen hasi eta Olivan amaituko dan jardunaldi batean, 201 kilometroren ostean.
Landaren egun handia
Laugarren izan zan gailurrean arabarra, eta aise berreskuratu eban Andorran galdutakoa. Seigarren da sailkapen nagusian. Mikel Landa berpizten ari da. Martinezek, bere igoera pletorikoa izanik, Kussak emondako kolpea jasan eban eta gorriz jantzi zan helmugan bigarren izan ondoren. Lider barria. 20 urte eta 50 egunekin, frantziarra Espainiako Itzuliko historiako lider gazteena da.
Durangoko kolibriak, arin, eskalatzaile bikain, Putre Tontorrean egin eban habia. Naturea garbitzeko eta ekosistema orekan mantentzeko gorpuen zain dagozan harrapariak lez, Vingegaard eta Roglic, alkarregaz, lurperatzaile lez aritu ziran. Nekrofagoak. Vuelta hazurretan laga eben. Hiruren artean talde basatia osatzen dabe.