Azken unera arte sufritzen Surne Bilbao Basketek etxetik kanpo hamabi porroteko bolada hautsi eban Galizian 77-78 irabazita. Jaume Ponsarnauk zuzentzen dauen blokearen eregiteko lanak konfidantzea eta sendotasuna erakutsi dauz.
Talde bizkaitarrak gogor ekin behar izan eutsan hirugarren zatia hasi zanetik atzetik joan zan norgehiagoka bat aurrera aterateko. Partidua amaitzeko 31 segunduren faltan Thijs De Ridder gaztea Bilbao Basketeko izar bihurtu zan.
Sacha Killeya-Jones lesionatuta egoan eta Denzel Anderssonen urdaileko arazoen ondorioz, hegaleko pibot belgikarrak azken lauren osoa jokatu eban. Hainbat akats egin ebazan esperientzia ezaren ondorioz, baina, batez be, partiduaren pisua sokak lepoa gehien estutzen ebanean eroan eban. Azken bi minutuetan, 75-71rekin eta partidua Monbus Obradoiroren alde egoanean, De Ridderrek erasoko hiru errebote hartu ebazan eta horreetatik bost puntu atara ebazan. Eskumutur sendoa euki eban bi jaurtiketa libre sartzeko (75-73) eta bi gehi bat azken 77-78rako. Galiziarrak garaipena ia ia lortu eben, baina bizkaitarrek euren onena atara eben defentsan.
Bazirudien errendimenduan eukan sendotasun eta iraunkortasun faltak etxetik kanpo zapuztuko ebala Surne Bilbao Basket, baina irabazteko jokoan eukazan gabeziak gainditzen jakin eban. Atsedenaldira arte markagailuan nagusi izan zan, baina ez zan gai izan segurtasun tarteak eukiteko eta une batez bazirudien bere errebotea ixteko arazoak garaipena etxean itxiko ebala.
Baina bere ahalmen nagusia aurre egiten jakitea izan zan, partiduari egoera txarrenetan heltzen jakitea eta harrien azpitik be baliabideak ataratea.