Bariku honetan izan da Kopako final-laurenetako zozketea, eta Athleticek FC Barcelonaren aurka jokatuko dau. Kanporaketea, partidu bakarrera, San Mamesen jokatuko da, datorren eguaztenean, urtarrilak 24ean. Xaviren taldeak KO txapelketako final-laurenetara ailegetako Barbastro eta Unionistas taldeei irabazi deutsee. Ernesto Valverdek aurkari gogorra dala azpimarratu dau emondako prentsaurrekoan: “Aurkari gogorra, bai. Etxean jokatzeko zortea izan dogu, gure publikoarekin, eta ilusinoz eta itxaropen onez egingo deutsagu aurre. Kanporaketa polita eta gatxa izango da bientzat”.
45 partidu jokatu dabez alkarren kontra Kopan
Estadistikei begira, zurigorriak eta kataluniarrek 45 biderrez jokatu dabe alkarren kontra Kopan. Bilbotarrek 15 garaipen, sei berdinketa eta 24 porrot lortu dabez, baina Kopako kanporaketak partidu bakarrera jokatzen diranetik (2019-20 denboraldia), bietan Athleticek irabazi dau kanporaketea. 2020an, final-laurenetan alkarren aurka jokatu eben eta Iñaki Williamsek sartutako golak finalerdietarako txartela emon eutson Athletici. 2021-22. denboraldian barriro jokatu eben alkarren aurka, eta zurigorriek, partidu zirraragarri baten, luzapenean irabazi eutson talde kataluniarrari eta final-laurdenetara sailkatu ziran.