Urte barriko lehenengo partidua jokatuko dau Athleticek Sevillako Ramon Sanchez Pizjuan futbol zelaian. Lehiakide bien dinamikea guztiz kontrakoa da. Athletic sailkapeneko bosgarren postuan dago hogeta hamabost puntogaz lehen itzuli bikaina egin ostean. Sevilla, ostera, sailkapeneko hamaseigarren postuan dago, hamasei puntogaz bakarrik, jaisteko postuetatik hiru puntura. Jose Luis Mendilibarregaz ekin eutsoen liga txapelketeari baina emaitzek ez eutsoen lagundu Zaldibarko entrenatzaileari. Diego Alonso ekarri eben haren ordez taldea berbiztuteko asmoagaz, baina gorantz egin beharrean sailkapeneko zulora hurreratu da Sevilla. Azkenik, Quique Sanchez Floresi emon deutsoe taldearen ardurea. Entrenatzaile barriagaz, Nerbioiko taldeak irabazi egin eban Granadaren zelaian eta galdu Atletico de Madriden aurka Wanda metropolitanon. Floresen Sevillaren lehen partidua izango da Sanchez Pizjuanen. Bedartzan daukien giroa garratza bada, zer esan erakunde mailan daukienaren ganean. Del Nido aita-semeak mokoka dabilz klubean nork agindu behar dauen erabagitzeko borrokan. Hasiera baten pentsa lei une egokia dala Sevillaren zelaian jokatzeko. Edozelan be, plantila bikaina daukan talde bat arriskutsua da beti eta argi dago eguen honetako partidua ez dala bape gozoa izango Athleticentzat.
Talde zuri-gorriari jagokonez, bolada onari eusten ahaleginduko da lehen itzuliko azken partiduan. Ez da bape erreza izango igartea zein izango dan Ernesto Valverdek Sanchez Pizjuanen zelairatuko dauen hamaikakoa. Dani Garcia eta Iñaki Williams kenduta, plantilako gizon guztiak ditu prest jokatzeko. De Marcos eta Ruiz de Galarreta deialdira itzuliko dira. Hasteko, pentsa lei Berenguerrek beteko dauela Williams anaia zaharraren lekua eskoiko hegalean. Iker Muniain eta Adu Ares be sartu daitekez hamaikakoan. Beste alde batetik, atzealdean ikusteko dago Txingurrik Oscar de Marcos zelairatuko dauen eskoiko hegalean ala Lekue mantenduko dauen postu horretan, azken partiduetan egindako lan bikaina sarituz. Atzealdeagaz jarraituta, Yeray Alvarez erabat errekuperatuta dago eta ikusi egin beharko da entrenatzaileak hasieratik zelairatzen dauen ala orain arte ia partidu guztietan jokatu dauen Paredesen alde egiten dauen.
Erdialdeari jagokonez, Ruiz de Galarreta eta Vesga, lehen itzuliko partidu gehienetan titular izan diran jokalariak, errekuperatuta badagoz be, Beñat Pradosek eta Herrerak errendimendu bikaina emon eben iazko azken partidu bietan. Zorioneko burukomina Ernesto Valverderentzat.
Abenduko Ligako entrenatzaile onenaren saria jasoko dau Ernesto Valverdek, lehiaketa horretan bostehun partidu beteko dituen jardunaldian. Txingurrik, Jonan Ordorika, iazko udan hil zan lagunari eskeini gura izan deutso bere kirol ibilibidean lortu dauen guztia. Esan beharrik ez dago, garaipena eskuratzea izango litzatekela modurik onena lagun mina omentzeko. Sevilla-Athletic eguen honetan iluntzeko zazpirak eta laurenetan, Bizkaia Irratian.