Athleticek finalera joateko txartela eskuratu gura dau

San Mamesen izango da partidua gaueko 21:30etatik aurrera

Athletic Clubek hitzordu garrantzitsua dauka eguen honetan San Mamesen. Kopako finalerdiko itzulikoa Bilbora iritsiko da La Cartujako txartela jokatzeko Atletico Madrilen aurka. Etxekoek abantaila txikia daben arren, ezer ez dago erabakita eta dana da posible. Ernesto Valverdek ez dau argibide handirik emon gura izan eta jokalari guztiak deitu ditu Kopako norgehiagorako.

Gaur egun puntu gitxik bereizten dabez madrilekoak eta Bilbokoak, beraz, partidu bizia eta parekatua aurreikusten da. Atletico Madril Almeriaren aurka bardintzetik dator, eta Athletic Sevillan galtzetik, baina Kopa beste lehiaketa bat da. Juan Martinez Munuera izendatu dabe partidua zuzentzeko, Prieto Iglesiasen laguntzarekin. Zaleek oraindik buruan dabe Montjuicen Nico Williamsi egindako penalti argia, area barruan Canceloren falta argi bat zigor barik geratu zenean. Martinez Munuerak hirutan egin deutse aurre bi taldeei, madrildarren hiru garaipenekin. 30 partiduetatik 15etan Athleticek irabazi eban, 4tan bardindu eta 13tan galtzaile atara ziran.

“Garrantzitsuena gu geu izatea da”

Ernesto Valverdek argi dauka partidu erraza ez dala izango: “Garrantzitsuena gu zelaian tinko egotea eta gu geu izatea da. Ea lortzen dugun eta kanporaketa gainditu dezakegun. Partida gogorra da, emozio askorekin, eta hori ere kontrolatu behar da. Asko bultzatuko gaituen San Mames bat espero dut. Final baterako sailkapena dugu jokoan. Denboraldi hasieran denok jokatu nahi genuen partida baten aurrean gaude”.

Irabaztearen abantaila ez da argia, eta argi dauka: “Dena airean dago. Ez da alde handirik egon bien artean joaneko emaitzak baldintza dezan. Partida berri bat bezala jokatu behar da. Irabazten saiatuko gara, etxean, partidaren bila joango den talde baten aurrean zein zaila den jakinda”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00