Denporaldiko azterketarik gatxena

Athleticek konfiantza handiz ekingo deutso Atletico de Madriden aurkako Kopa txapelketako finalaurrekoari
Gorka Guruzeta Oblaken atea zulatzen ligako hamazazpigarren jardunaldian San Mamesen jokatutako partiduan / Athletic Club

Denporaldiko erronkarik gatxenari ekingo deutso Athleticek Atletico de Madriden aurkako Kopa txapelketako kanporaketan. Finalerako sailkapena dago jokoan talde sendo baten aurka. Cholo Simeonek zuzentzen dauen ekipoa Espainiako blokerik sendoenetakoa da, etxean jokatzen dituen partiduetan batez be. Urte bete baino gehiago daroe Metropolitanon galdu barik eta gitxi izan dira bertatik punturen bat lortuta joan diran taldeak. Estadistikak aztertu ezkero, garbi geratzen da Atletico de Madriden estadioa ez dala bape erosoa Athleticentzat.

Koltxoneroan aurkako kanporaketea gatxa baino gatxagoa izango dala jakin arren, Ernesto Valverderen taldeak baikor egoteko arrazoiak emon deuskuz denporaldi honetan, oso ondo lehiatu da-eta orain arte jokatutako partidu gehienetan. Aurretiko bakarra daukagu ikasturte honetan, talde biek San Mamesen Liga txapelketan jokatu eben partiduan. Orduan Valverderen taldea nagusi izan zan zelaian.

Kopa txapelketako joaneko partidua guztiz ezbardina izango da, Metropolitanon jokatuko dalako, besteak beste. Yuri Berchicheren ustez, Madriden jokatuko dan partidua erabakigarria izango da finalerako sailkapena eskuratzeko borrokan. Ez jako arrazoirik falta, baina garbi dago kanporaketea San Mamesen erabagiko dala otsailaren 29ko norgehiagokan.

Partidu beroa izango da eguaztenekoa. Koltxoneroen entrenatzaileak egun batzuk daroaz lehia berotu gurean baina haren probokazinoek ez dabe erantzunik izan Bilbo aldetik.

Athleticeko jokalariek sendotasuna eta heldutasuna erakutsi beharko dabe Metropolitanon emaitza ona lortu gura badabe. Presino itzela jasoko dabe harmailetatik eta aurkariak arma guztiak erabiliko ditu bere aldeko emaitzarik onena lortzeko ahaleginean, kiroltasunaren barruan dagozanak zein handik kanpora dagozanak.

Athleticek era batera bakarrik daki jokatzen eta bere estiloari eutsi behar deutso Madriden. Partiduaren bila urten behar dabe Valverderen gizonek. Hori bai, bueltako partidua jokatu behar dala ahaztu barik. Athleticen bertsinorik onena ikusi ezkero, lehoiak ez dira garaipenetik urrun ibiliko Metropolitanon.

Hondino gogoan daukagu aurreko denporaldian Kopa txapelketako finakaurrekoetan jazotakoa Osasunaren aurka. Orduan be, bueltako partidua Katedralean jokatu bazan be, Valverderen taldeak ezin izan eban lortu finalerako sailkapena. Porrot horrek, ganera, kalte handia egin eutson taldeari Ligan, errendimenduak behera egin eban-eta lehiaketearen azken txanpan. Jon Uriarte presidenteak esan dau, ez dauela igaz gertatutakoa errepikatzea gura, finalaurrekoa gainditzea espero dauelako eta ez dauelako nahi Ligako ibilbide ona okertzea. Edozein kasutan, Ernesto Valverdek ez dau ezer gordeko eta bere talderik indartsuena zelairatuko dau finalaurrekoko partidu bietan. Balizko hamaikakoari jagokonez, Julen Agirrezabala egongo da atean, De Marcos, Vivian, Yeray eta Yuri Berchiche atzealdean, Beñat Prados eta Iñigo Ruiz de Galarreta euskarrian, Williams anaiak hegaletan, Oihan Sancet lotura lanetan eta Gorka Guruzeta aurrealdean. Goiko mailako hamaikakoa, ezelango zalantza barik. Ondo baino hobeto dakizuenez, Bizkaia Irratiak zuzenean eskeiniko deutsuez kanporaketa honetako partidu biak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00