Partidu negargarria Villamarinen

Athleticek aukera ederra galdu dau sailkapenean urrats garrantzitsua emoteko Europarako sailkatzeko borrokan
Gorka Guruzetaren hamargarren golak ez eban ezertarako balio izan / ATHLETIC CLUB

Athleticek aukera bikaina galdu dau Benito Villamarinen Europarako sailkatzeko borrokan urrats garrantzitsua emoteko. Valverderen taldeak galdu egin eban arerio gehiegi euki zitualako. Hasteko, zuri-gorriak ez ziran bape fin ibili erasoko jokoan. Hori gitxi balitz, ez eben sendotasunik erakutsi Betisen erasoko jokaldiak defenditzeko orduan. Bi bider heldu ziran andaluziarrak Unai Simonen ate ingurura eta bietan sareetan ipini eben baloia. Partidua aldats gora egoanean, Cuadra Fernandezek kalte handia egin eutson Athletici hamar gizonegaz itxi eban-eta txartel hori bi erakutsita Nico Williamsi. Epailea ez zan fin ibili baina Athleticeko aurrelariak ondo mereziduta ikusi eban bigarren txartela. Onartuezina izan zan jokalariaren jarrerea eta jokabidea, epailearen erabagia okerra izan bazan be. Kontuak kontu, Athleticek aukera bikaina galdu dau Txapeldunen Ligako postuetara hurreratzeko eta atzetik datozen aurkariekiko aldea handitzeko. Zuri-gorriek lau partidu daroez irabazi barik etxetik kanpo, bi bardinduta eta bi galduta, eta gol bakarra sartuta. Datorren denporaldian Europan jokatzeko aukera ederra dauka Athleticek baina helburua betetzeko hobetu egin behar dau errendimendua etxetik kanpo. Itxaron daigun zuri-gorriek bertsinorik onena ikustea Atletico de Madriden aurka datorren eguenean San Mamesen.

Hasiera ezin txarragoa emon eutson Athleticek Betisen aurkako partiduari. Hamahirugarren minutuan, Chimy Avilak amaiera bikaina emon eutson William Josek eskoiko hegaletik hasitako jokaldiari. Brasildarraren erdiraketea bikaina izan zan eta aurrelari argentinarrak ederto baliatu eban Unai Simonen atea zulatzeko aukerea. Athleticeko atzelariak ez ziran bape fin ibili Betisen erasoko jokaldia defenditzeko orduan. Izan be, Avilak bakar bakarrik egin eban errematea taldekidearen pase bikaina jasota.

Golak min handia egin eutson Ernesto Valverderen taldeari. Aurkariak sartutako golari erantzun beharrean, zuri-gorriek bigarrena jaso eben hogeta hamargarren minutuan. Lehenengo golean lez, hegaletik egindako erdiraketa baten ondorioz iritsi zan etxeko taldearen bigarren gola. Nabil Fekirrek erdiraketa arriskutsua egin eban ezker hegaletik eta William Josek aurrea hartu eutson Yuri Berchicheri errematea egiteko. Suerteak be ez eban lagundu, Athleticeko atzelariak sartu ebalako gola bere atean. Zuri-gorrien zoritxarra ez zan hor amaitu. Bigarren gola jaso eta minutu gitxira epaileak txartel horia erakutsi eutson Nico Williamsi, harek bakarrik ikusi eban faltea egiteagaitik Nabil Fekirri. Cuadra Fernandez urrunago joan zan eta aldagelera bialdu eban Williams anaia gaztea, bigarren txartela erakutsita txaloka hasi jakolako. Onartuezina Nico Williamsen jarrerea. Ezin dau taldea hamarregaz itxi, are gitxiago hain partidu garrantzitsuan. Ganera, ikusteko dago zenbat partiduko zigorra ipiniko deutson lehiaketa batzordeak. Hasteko, ezingo dau jokatu Bartzelonaren aurka datorren domekan.

Gauzak gehiago okertu ziran, Yuri Berchichek zelaia itxi egin behar izan ebalako eskoiko izterraren atzeko aldean ziztadea igarri ostean. Partidua erabagita egoala zirudianean, Gorka Guruzetak itxaropena berbiztu eban korner baten gola sartuta burukada eder bategaz.

Hamar gizonegaz egon arren, Athleticek gogotsu ekin eutson bigarren zatiari aurkariaren aldea gol bakar batekoa zalako. Zuri-gorriak bardinketaren gola sartzen ahalegindu ziran baina bardindu beharrean aurkariaren hirugarrena jaso eben bigarren zatiko hogeta bigarren minutuan. Gol horrek erabagita itxi eban norgehiagoka, hortik aurrera ez zan-eta ezer gertatu ate bietan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00