Bilboko Udalak antolatutako MUSIKA-MÚSICA jaialdiak bere 23. edizinoa ospatuko dau martiko lehenengo astegoienean Irudiak izenburupean. Musika klasikoa izango da protagonista Bizkaiko uriburuan hiru egunetan, 76 kontzertu tarteko. Arriaga Antzokian egingo dan irekiera kontzertua izan ezik, programazinoa Euskalduna Jauregian izango da, aldi berean, kontzertu-areto desbardinetan.
Arriaga Antzokiak jaialdiko lehenengo kontzertua hartuko dau gaur, martiak 1, 19:00etan, Bilboko Orkestra Sinfonikoaren (BOS) eta Bilboko Koral alkartearen eskutik, eta Lucas Macíasen zuzendaritzapean, Jesús Guridiren Eusko Irudiak eta Modest Myssorgskyrek Maurice Ravelen orkestrarako egindako Cuadros de una exposición-en lanagaz. Besteak beste, Beethoven, Falla, Granados, Debussy eta Ravel konpositoreen musikak irudi literarioak, Goya moduko artisten margolanak eta naturearen eszenak gogora ekarriko dauz.
Zinemak be presentzia izango dau Gaztela eta Leongo Orkestra Sinfonikoaren kontzertuakaz, Leonard Bersteinen musikeagaz eta Bilboko Udal Bandeagaz. Izan be, azken honek domekan M. Peetersen Suite sobre las melodías de C. Chaplin interpretauko dau.
Bilbo musika klasikoaren Europako uriburu bilakatuko da barriro, eta ganbera-orkestra eta orquestra sinfonikoak, laukoteak, hirukoteak, instrumentistak eta ahotsak batuko dauz, danak nazinoarteko ospe handikoak, “publiko guztia, bertakoa, kanpotarra, musika klasikoaren zalea eta ezagutzailea, eta baita familiak be erakartzeko sortutako programa baten”, Amaia Arregiren esanetan. Danetara, hiru egunetan zehar, 1.000 profesional eta 700 interprete gazte inguruk parte hartuko dabe 76 kontzertu batuko dauan programan.