Athleticek puntu bi galdu ditu Vila-realen kontrako partiduaren luzapenean. Oihan Sancetek sartutako gol bati esker aurretik izan da Athletic markagailuan 67. minututik aurrera. Edozelan be, Cuadra Fernandez epaileak Vila-realen aldeko penalti polemikoa adierazo dau luzapenean, Yuriren esku batengaitik, eta Dani Parejok bardinketaren gola lortu dau. Sari izugarria Castelloko taldearentzat bigarren zati osoa emon daualako 10 jokalarikaz.
Partidua erritmo motelagaz hasi da. Edozelan be, gidoia goitik behera aldatu da 11. minutuan, Vila-realen aldeko penalti batengaitik. Hasiera baten penaltia adierazo ez arren, VARrak Cuadra Fernandez deitu dau Athletic zigortzeko. Halanda be, Athletic aitatutako egoera gatxatik bizirik urten da, Gerard Morenoren jaurtiketa zutoinera joan dalako. Alex Baenak be Vila-real aurretik ipinteko aukera euki dau, baina Dani Vivian fin ibili da. Athleticeri jagokonez, aukerarik onena Gorka Guruzetak izan dau.
Atsedenaldian aldaketarik egon ez arren, partiduaren panorama guztiz aldatu da bigarren zatiko lehenengo jokaldian. Santi Comesañak bigarren txartel horia ikusi eta zelaia itxi behar izan dau. Hori dala eta, Athleticek jokalari bat gehiago euki dau bigarren zati osoan. Aukera asko euki ez arren, Oihan Sancetek Athleticen gola sartu dau 67. minutuan, Guruzetak emondako pase eder baten ostean. Azkenengo minutuetan Athleticek markagailuari eusteko ahaleginak egin ditu, bardinketaren penaltia heldu arte.
Lortutako puntuagaz, Athleticek 57 puntu ditu orain. Beraz, Txapeldunen Ligako postuak lau puntura dagoz, Atletico Madrilek 61 puntu ditu-eta. Barikuan San Mamesen jokatuko dau barriro be talde bizkaitarrak Granadaren kontra. Duda barik, funtsezko partidua izango da goiko postuetatik gehiago ez aldentzeko.