Athleticek ezinean segiduten dau (2-1)

Zuri-gorriek partidu negargarria egin eben Balaidosen eta puntu biren faltan dagoz bosgarren postua ziurtatzeko
Ernesto Valverdek zortzi aldaketa egin ebazan hasierako hamaikakoan / Athletic Club

Athleticek ezinean segiduten dau liga txapelketearen azken txanpan. Valverderen taldeak galdu egin dau Balaidosen (2-1)markagailuan aurretik egon arren eta garaipen bakarra lortu dau azken zazpi jardunaldietan. Esan beharrik ez dago, hain puntu gitxi lortuta ez dagoala sailkapenean gora egiterik. Ligea amaitzeko jardunaldi bi geratzen diranean, Athleticek agur esan deutso matematikoki laugarren postuari eta puntu bi lortu behar ditu bosgarren postuari eusteko.

Zortzi aldaketa egin ebazan Ernesto Valverdek Celtaren aurka zelairatu eban hamaikakoan. Paredes, Yeray, Imanol, Dani Garcia, Prados, Adu Ares, Unai Gomez eta Asier Villalibre zelairatu ebazan hasieratik. Balaidoseko partiduak garrantzi handia eukan etxeko taldearentzat, hiru puntuak ezinbestekoak ziralako maileari eusteko borrokan, are gehiago Cadizek Sevillan irabazi ostean.

Lehenengo zatia oso aspergarria izan zan. Celtak zein Athleticek ez eben arriskurik sortu aurkariaren ate aurrean. Hogetahirugarren minutuan, ostera, zuri-gorriek markagailuan aurreratzea lortu eben hiru zutoinen artean egin eben jaurtiketa bakarrean. Alex Berenguerrek bikain astindu eban baloia korner baten eta zuzenean sartu eban baloia Celtaren ate barruan. Lehenengo zatia amaitu bitartean, Valverderen taldeak ez eban arazorik izan aldeari eusteko.

Bigarren zatian, ostera, etxeko taldearen entrenatzaileak hiru aldaketa egin ebazan garaipenaren bila joateko. Iago Aspas, Hugo Alvarez eta Minguezak biztu egin eben euren taldearen jokoa eta apurka apurka Celta Unai Simonen atera hurreratzen hasi zan. Etxeko taldea nagusi zan zelaian eta Athletic ezinean ebilen. Partiduak oso itxura txarra hartu eban talde zuri-gorriarentzat, Celtaren aukerak gero eta ugariagoak ziran-eta. Azkenean, Williotek bardindu egin dau partidua Hugo Alvarezek eskoiko hegaletik egindako jokaldi bikaina baliatuta. Handik hiru minutura, Hugo Alvarezek bigarren gola sartu eban etxeko taldearentzat areaz kanpotik egindako jaurtiketa batekin. Valverdek Galarreta eta Vesga zelairatu ebazan bardinketea eskuratzeko asmoagaz baina taldearen jokoak ez eban hobekuntzarik izan. Raul Garciak sareetara bidali eban baloia buruz egindako erremate baten baina epaileak balio barik itxi eban, nafarrak Celtako atzelari bateri falta egin eutsala adierazita. Kontuak kontu, Athleticek itxaron egin beharko dau sailkapeneko bosgarren postua eskuratzeko. Gauza bat garbi dago: Balaidosen lez jokatuta zuri-gorriek ez dabe garaipenik lortuko. Izan be, atzokoa Athleticek denporaldian egindako partidurik txarrenetakoa izan da ezelango zalantza barik. Ikusitakoa ikusita, denporaldia lehenbailehen amaitu daitela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00