Dopinaren aurkako Euskal Agentziak 320 kontrol egin ebazan igaz 91 misinotan, aurreko urtean baino sei misino gehiago, 2005ean agentzia sortu zanetik egindako misino kopururik handiena. Nazinoarteko Atletismo Federazioarentzat egindako lagin-bilketa baten, testosterona-positibo bat atzeman eben.
2023an 91 misino egin ziran guztira; horreetatik 67 kirol lasterketetan egin ziran eta 24 entrenamenduetan, hau da, lehiaketatik kanpo. Guztira 270 lagin jaso ziran lehiaketan eta 50 lehiaketatik kanpo. Generoari jagokonez kontrolen xede izan ziran kirolarien %77 gizonezkoak izan ziran eta %23 emakumezkoak.
Guztira 14 kirol-modalitatetan egin ziran dopinaren aurkako probak, gehienak arraunean, 104, errepideko txirrindularitzan (64), errepideko atletismoan (44), ziklokrosean (18) eta triatloian (18)
Dopinaren aurkako Euskal Agentziak 2023an testosteronan (S-1 Taldea, Agente Anabolizatzaile Androgenikoak) positibo emoteagatik kontrako emaitza analitiko bat atzeman ondoren nazioarteko federazioak espedientea hasi eta kirolaria zigortu eban.
Dopinaren aurkako Euskal Agentzia
Dopinaren Aurkako Euskal Agentzia, Eusko Jaurlaritzaren mendekoa da eta Euskadin dopinaren aurkako borrokearen eskumena berea da. 2005ean hasi zan kontrolak egiten, eta ordutik dopinik gabeko kirola lortzeko eta dopinarekin zero tolerantzia kultura ezartzea lortzeko lan egiten dau. Espainiar estatuan dagozan agentzi bietako bat da Euskadikoa, bestea Estatu mailakoa da. Dopinaren Euskal Agentziaren eginkizunen artean prestakuntza eta aholkularitza ere badagoz.