Dani Vivianek kontratua barritu dau 2032ra arte

Sancetekin batera, taldean kontratu luzeena daukan jokalaria da

Dani Vivianek eta Athleticek aurrerapausu handia emon dabe urte askoan eskutik helduta jarraitzeko. Erdiko atzelariak sinatuta eukan baino sei denboraldi gehiagorako konpromisoa hartu dau, 2032ko ekainaren 30era arte. Eta Ibaiganen egin dau, Jon Uriarte presidentea bertan zala, Luis de la Fuentek Eurokopa jokatzeko postu bat bilatzeko kontzentrazinoan parte hartu aurretik.

Vivianen hazkundea meteorikoa izan da. 24 urterekin, erdiko atzelari gasteiztarra eztabaidaezina bihurtu da atzealdearen ardatzean. Denboraldi honetan 40 partidu jokatu ditu (37 titular lez). Danetara, 103 neurketa jokatu dauz Athleticegaz hiru urtetan. Bere errendimendu ona dala-eta, Espainiako selekzinoagaz  lagunarteko partidua jokatu eban, martian, Wembleyn, Kolonbiaren aurka. Batez beste 6,5 baloi berreskuratu ditu eta ligako hirugarren erdiko atzelaririk baloratuena da.

Sancetegaz batera kontratu luzeena daukan jokalaria da

Vivian gaztetan iritsi zan Santutxu FC taldetik CD Basconiara, eta Lezaman etengabeko urratsak emon ebazan. 2020/21 denboraldian CD Mirandesera lagata joan zan. Gaztea izan arren eta futbol profesionalean debutau, taldeko kapitaina izan zan.

Lehoi lez hiru gol sartu ditu, eta Oihan Sancetekin batera, taldean kontratu luzeena duen jokalaria da. Alde biek proiektuan daben konfidantzaren erakusgarri da. Klubak orain arteko ildoari jarraituz, kontratua aldagarri-osagaia daukan soldata-egituran oinarritua eta helburu jakin batzuk betetzeari lotuta dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00