Urdaibairi iges egin deutso Zarauzko banderak azken metroetan

Donostiarrak denporaldiko lehen bandera lortu dau, Bizkaiko traineruagaz gogor burrukatu ostean
Urdaibaik gero eta gertuago dauko ligako titulua / Aitor Arrizabalaga / Eusko Label Liga

Donostiarrak denporaldiko lehen bandera eskuratu dau, Zarauzko bigarren jardunaldian estropada ezin hobea egin eta Bermeok lehen estropadaren ondoren eukan lau segundoko aldea murriztuta. Bermeok, aldiz, aurkari zuzenekiko distantzia sartzen jarraitzen dau eta Eusko Label Ligako titulua lortzeko gitxi falta jako.

Lehen jardunaldia

Zarauzko banderaren lehen jardunaldian Bermeok lau segundoko aldea lortu dau Donostiarra traineru gipuzkoarrarekiko, 12 Hondarribiari eta 15 Zierbenari, domekako bigarren jardunaldiarekiko. Betiko lez eta ordenari jarraipena emonda, lehen txandari jagokonez, Kaiku izan da jaun eta jaube, denporarik onenak eginda. Atzean itxi dau Bueu, Cabo eta San Pedro, hurrenez hurren.

Bigarren txandan, Getariak lehia gogorra euki dau Oriogaz. Bi traineru gipuzkoarrak ia ia batera heldu dira helmugara, tanda Getariak irabazita eta Orio, hiru segundura, bigarrena izan da. Txandako beste bi traineruak Ondarroa eta Lekittarra izan dira, ordena horretan, Getariarekiko segundu asko galduta.

Ohorezko tandan, Bou Bizkaiak 5 segundoko abantaila dauko Donostiarrarekiko domekako jardunaldiari begira. Gipuzkoarrek estropada oso serioa egin eta denpora ona egin dabe. Hondarribia  hirugarren, Bermeorekiko 12 segundu galduta eta Zierbena laugarren izan da.

Bigarren jardunaldia

Domekako estropadan, Donostiarrak garaipen bikaina lortu dau, Urdaibaik lortutako 5 segundoko aldea irulita. Holan, talde gipuzkoarrak denporaldiko lehenengo bandera irabazi dau. Hiru txandek burruka uneak itxi dabez. Lehen txandan, Lekittarrak denporarik onena egin dau, segundo bat beluago sartu dan Cabogaz batera. Bizkaiko traineruak eta Galiziakoak amaierara arte burrukatu dabe txanda eta horrek bigarren txandako traineru batzuen aurretik geratzeko balio izan deutse.

Bigarren txanda lasaiagoa izan da, eta Oriok erraz irabazi dau 20:45 minutuko denpora eginez. Geroago sartu dira Getaria, Ondarroa eta Kaiku.

Azken txandan, Urdaibai eta Donostiarra estropada buruan jarri dira. Aldiz, Hondarribia eta Zierbena ontzi bateko distantziara urrundu dira. Bigarren ziabogaren ostean, Donostiarra estropadaren buruan jarri da eta Urdaibai 3-6 segundora urrundu dau. Bou Bizkaiak ez dau inoiz amore emon eta aldea 2-3 segundora murriztu dau azken luzean. Ikurrina Bermeora joango zala emoten eban, baina Donostiarrak olatu bikaina hartu dau azken metroetan eta 7 segundoko aldea sartu deutse.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00