Aste perfektua biribildu dau Athleticek (3-1)

Zuri-gorriek hirugarren garaipena jarraian eskuratu dabe, Celtaren aurka erakutsitako eraginkortasunari esker
Athleticek sartutako goletako bat ospatzen / Athletic Club

Athleticek bolada onari jarraipena emon deutso, azkenengo zazpi egunetan lortutako hirugarren garaipenaren eskutik. Las Palmas eta Leganes atzean itxi eta gero, zuri-gorriek Celta menderatu dabe San Mamesen (3-1). Galiziako taldea nagusi izan da jokoan, baina lehoiek sekulako eraginkortasuna erakutsi dabe. Esaterako, lehen zatian hiru zutoinen artean egindako erremate biak gol izan dira.

Ernesto Valverdek zortzi aldaketa egin ditu hasierako hamaikakoan Leganesen aurkako partidutik. Argi dago errotazinoak denporaldiko gakoetako bat izango dirala. Athleticek norgehiagoka hasi eta berehala sartu dau partiduko lehen gola, Gorka Guruzetak bigarren jokaldi batean sartutakoa. Ostean, Celtak partiduaren kontrola euki dau eta Iago Aspasek bardinketaren gola sartu dau penalti puntutik. Celtak polito jokatu dau, baina Guruzetak bigarren gola sartu dau momenturik gogorrenean, Alex Berenguerren erdiraketa eta gero.

Atsedenaldian Julen Agirrezabala atezainak zelaia itxi behar izan dau eta Alex Padilla zelairatu da bere ordez. Athleticeko atezainak ez dau ia beharrik euki bigarren zatian. Izan be, Celtak arrisku bako jabetza euki dau. Halanda be, markagailua arriskutsua zan gol bakarreko aldea egoan heinean. Azkenean, Alvaro Djalok zuri-gorrien hirugarren gola sartu dau, buruz be, zelaira urten eta hiru minutura, partiduko 80. minutuan.

Eskuratutako garaipenari esker, Athleticek 13 puntu ditu dagoeneko. Zuri-gorriek lau partidu irabazi, bakarra bardindu eta bi galdu dabez. Beraz, denporaldi hasieran sortu ziran zalantzak guztiz desagertu dira, azkenengo astean erakutsitako maila onari esker.

Debuta Europan

Athleticen hurrengo norgehiagoka eguenean izango da, Erroman. Lehoiak Europara itzuliko dira sei urte eta gero. Europa Ligako lehen aurkaria AS Roma izango da. Ostean, zuri-gorriek Sevilla jasoko dabe hurrengo domekan San Mamesen, ligako zortzigarren jardunaldian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular