Athleticek puntu bi galdu ditu Sevillaren aurka luzapenean (1-1)

Jauregizarren golak talde zuri-gorria aurreratu dau markagailuan, baina Julen Agirrezabalak txartel gorria ikusi eta gero Sevillak bardindu dau
Mikel Jauregizar Athleticeko armarria musukatzen gola sartu eta gero / Athletic Club

Athletic ez da ligan laugarren garaipena jarraian lortzeko kapaz izan partidu korapilatsu batean Sevillaren aurka San Mamesen bardindu eta gero (1-1). Bardintasuna nagusi izan da norgehiagokan. Mikel Jauregizarrek 36. minutuan sartutako golak aurretik ipini dau talde zuri-gorria. Halanda be, Julen Agirrezabalak txartel gorria ikusi dau 82. minutuan eta Sevillari partidua bardintzeko aukerea emon deutso.

Ernesto Valverdek zazpi aldaketa egin ditu egueneko partidutik ligako partidura. Julen Agirrezabala, Aitor Paredes, Unai Gomez eta Iñaki Williams jokalariek bakarrik errepikatu dabe hasierako hamaikakoan. Lehen zatian gol aukera gitxi egon dira, baina egondakoak argiak izan dira. Iñaki Williamsek Athletic aurreratzeko aukera ona euki dau bere anaiaren pasea jaso eta gero. Dana dala, lehoien gola Mikel Jauregizarrek sartu dau bigarren jokaldi baten.

Bigarren zatian lehenengoan egondako gidoia errepikatu da. Gol aukera gitxi egon dira eta Athletic ondo ibili da markagailuari eusten. Halanda be, partidua goitik behera aldatu da 82. minutuan. Julen Agirrezabalak akats oso larria egin eta txartel gorria ikusi dau. Ondorioz, Valverdek Nico Williams kendu eta Alex Padilla atezaina zelairatu dau. Luzapenean Sevillak bardinketaren gola sartu dau, Unai Nuñezek bere aterantz egindako errematea sartu egin dalako, langan eta Padillaren gorputzean emon eta gero.

Europako debuta San Mamesen

Zuri-gorriek AZ Alkmaar taldea jasoko dabe eguenean San Mamesen gaueko 21:00etan, Europa Ligako bigarren jardunaldian. Beraz, atsedena hartzeko denpora gitxi eukiko dabe jokalari zuri-gorriek. Ostean, Montilivin izango da Athletic hurrengo domekan, Gironaren aurka jokatzeko prest. Ligako bederatzigarren jardunaldiaren ostean, selekzinoen etenaldia egongo da barriro.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular