Puntu bakarra Pucelan, eta eskerrak

Athletic galtzeko zorian egon da baina Guruzetak bardinketaren gola sartu dau luzapenean, hiru zutoinen artean egindako erremate bakarrean
Alex Berenguerrek hasieratik jokatu dau baina zelaia itxi egin behar izan dau lesionatu egin dalako / ATHLETIC CLUB

Athleticek puntu bakar bat eskuratu dau Valladoliden aurkako partiduan. Puntua pntzat emon behar partidua zelan joan dan ikusita. Izan be, zuri-gorriek luzapenean sartu dabe bardinketaren gola Gorka Guruzetaren bitartez. Zelaian aurkaria baino gehiago izan arren, Valverderen taldeak ez dau arrisku garbirik sortu aurkariaren ate aurrean. Hori gitxi balitz, Athletic partidua galtzeko zorian egon da Valladolidek marakgailuan aurretik ipintea lortu dauelako partidua amaitzeko hamabi minutu geratzen ziranean. Guruzetak luzapenean egindako errematea izan da Athleticek partidu osoan Valladoliden atera egin dauen jaurtiketa bakarra.

Gazteen aldeko apostua egin dau Ernesto Valverdek Jose Zorrillan zelairatu dauen hamaikakoan. Aspaldiko talderik gazteena aukeratu eban Valladolid taldeari aurre egiteko. Adama Boirok Yuriren lekua hartu dau atzealdearen ezker hegalean, Pradosek eta Jauregizar osotu dabe zelai erdiko bikotea eta Nico Williams, Unai Gomez eta Nico Serrano aritu dira aurrelariaren atzeko hiruko lerroan.

Zuri-gorriak nagusi izan dira zelaian, baloia jokatzeko arazoak eukazan Valladoliden aurrean. Etxeko taldeak, baina, aukera bikaina euki dau aurretik ipinteko markagailuan baina Julen Agirrezabalak erantzun bikaina emon deutso Morok bigarren zutoinean egindako erremateari. Laster iritsi da Athleticen erantzuna. Baloi luze baten Berenguerrek pase bikaina emon eutson Nico Williamsi eta Athleticeko aurrelaria bakar bakarrik geratu zan Valladolideko atezainaren aurrean. Williams anai gaztea, ez da fin ibili eta kanpora bota eban baloia. Lehenengo zatian, ganera, Pradosek eta Mikel Jauregizarrek, zelai erdiko jokalari biek txartel bana ikusi eben. Erdilari nafarra kanporatua izateko zorian egon da. Epaileak txartel gorria erakutsi deutson arren, kendu egin eutson jokaldia telebistan errepikatuta ikusi ostean.

Valverde ez da pozik geratu lehen zatian ikusitakoagaz eta hiru aldaketa egin dauz atsedenaldian Djalo, Vesga eta Ruiz de Galarreta zelairatuta, Prados, Jauregizar eta Unai Gomezen ordez. Ludogoretsen aurkako partiduan aulkitik irten eben jokalariek biztu egin eben taldearen jokoa. Valladoliden, ostera, Valverdek egindako lehen hiru aldaketek ez dabe aldaketarik ekarri.

Partidua bapeznako bardinketagaz amaituko zala zirudienean, Valladolidek markagailuan aurreratzea lortu eban Morok, taldeko jokalari txikienak buruz egindako erremate on bati esker. Athleticek galtzeko bidea joiala iritsi da Gorka Guruzetaren gola. Ezin esan emaitza bikaina danik baina ontzat emon behar da Jose Zorrillan lortutako puntua. Kontua da, Athleticek hiru puntu baino ez dauzela lortu ligako azken hiru jardunaldietan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00