Garaipen zoroa La Rosaledan (3-4)

Athleticek negargarri jokatu dau bigarren zatian atsedenaldira 1-4 irabazten joan ondoren
Nico Williamsek gol bat sartu eta arrisku handia sortu dau Malagaren atean ezker hegaletik / Athletic Club

Partidu zoroa jokatu eta irabazi dau Athleticek Malagaren zelaian. Atsedenaldira 1-4ko emaitzeagaz joan ondoren, zuri-gorriak ez dira bape fin ibili euren atea defenditzeko orduan eta sufridu egin dabe hiru puntuak eskuratzeko. Etxetik kanpo garaipena lortzea positiboa bada be, Terzicen taldeak bigarren zatian erakutsi dauen ahulezia kezkagarria izan da. Ganera, etxeko taldeak sartutako hiru goletatik bi Athleticeko jokalarien huts egiteen ondorioz etorri dira. Malagaren lehenengo golean, Unai Simonek baloia aurkariari emon deutso area ertzean eta hirugarrenean Laportek gol erdia oparitu egin deutso Adrian Niñori. Oso gatxa da ulertzeko zelan jokatu leiken hain txarto lehen mailako talde batek 1-4 irabazten joanda. Malagan garaipena lortu arren, Terzicen Athleticek zalantza ugari ipini ditu mahai ganean.

Zuri-gorriak ez dira ondo hasi sailkapeneko azkenaren aurkako partiduan eta Malagarena izan da lehen gol aukerea. Apurka apurka Terzicen gizonak nagusitzen hasi dira zelaian eta arriskua sortzen aurkariaren ate aurrean. Aukera garbi batzuk alperrik galdu ostean iritsi da zuri-gorrien lehen gola, ezker hegaletik Nico Williamsen hasi eta Oihan Sancetek amaitutako jokaldian. Zazpi minutu beranduago Berenguerrek zuri-gorrien bigarrena sartu dau. Halandabe, garaipena ondo bideratuta egoala zirudienean, Unai Simonen ez da fin ibili baloia azkar atarateko ahaleginean eta Cajustek partiduan sartu dau bere taldea 1-2koa sartuta.

Athleticeko jokalariek erantzun bikaina emon deutsoe jasotako kolpeari, sei minututan beste gol bi sartuta Nico Williams eta Hugo Rinconen eskutik. Gauzak holan, 1-4ko emaitzeagaz joan dira talde biak aldageletara atsedenaldian. Terzicek Peio Canales zelairatu dau txartel horia eukan Iñigo Ruiz de Galarretaren ordez. Zuri-gorriek, baina, oso hasiera txarra emon deutsoe bigarren zatiari eta Malagak bigarren gola sartu dau 48. Minutuan. Gol horrek bizitu egin dau etxeko taldea Athleticeko jokalariak dardakadan egozan bitartean. Egoerea ikusita, Terzicek bost atzelariko lerroa ipini dau, Rego sartuta Paredes eta Laporteren artean. Arriskua kontrolpean egoala zirudienean, Laportek sekulako hutsa egin eta oparitu egin deutso gola Malagako Adrian Niñori partidua amaitzeko bederatzi minutu geratzen ziranean. Malagak bardinketaren gola lortzeko aukera bat euki dau baina, zorionez, Caleroren jaurtiketak zutoinaren kanpoko aldean jo dau.

Athleticek beste sendotasun bat erakutsi beharko dau martitzenean Sorian Numancia taldea kanporatu gura badau kopa txapelketan. Eta esan beharrik ez dago, holako ahuleziagaz ez dagoala zer eginik ligako hurrengo jardunaldian, Real Madriden aurka San Mamesen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00