Athletic ez da Leganesen defentsa-horma hausteko gai izan eta bapezna bardindu dau San Mamesen, ligako 21. jardunaldian. Talde-zurigorriak 29 erremate egin ditu guztira, hiru soilik hiru zutoinen artean, baina ez dau golarik sartu. Leganesek, Athleticen atera gitxitan hurbildu arren, hiru puntuak eskuratzeko aukera on bi euki ditu. Lortutako puntuari esker, Athleticek 40 puntu ditu dagoeneko eta hirugarren postura egin dau salto sailkapenean, Bartzelonak Valentziaren aurkako partidua jokatu aurretik.
Aldaketa ugari egin ditu Ernesto Valverdek hasierako hamaikakoan, Besiktasen aurkako partiduagaz alderatuta behintzat. Esaterako, atzekalde osoa aldatu dau Txingurrik eta Mikel Vesgaren aldeko apostua egin dau zelai-erdian Mikel Jauregizarren bikotea izateko. Ganera, deialdiaren barruan egon arren, Oihan Sancet aulkian gelditu da bigarren zatiaren erdialdera arte. Athletic jaun eta jabe izan da lehen zatian, egondako aukera guztiak bere aldekoak izan diralako. Halanda be, argitasuna falta izan jako talde bizkaitarrari azken metroetan.
Bigarren zatian antzeko gidoia errepikatu da, baina Leganesek arrisku gehiago sortu dau kontraerasoetan. Talde madrildarrak norgehiagoka irabazteko bizpahiru aukera euki ditu, baina Unai Simonek eta zutoinek gola saihestu dabe. Golarik heltzen ez zala ikusita, Valverdek aldaketa oso erasokorrak egin ditu. Unai Gomez, Nico Serrano, Oihan Sancet, Iñaki Williams, Nico Williams eta Gorka Guruzeta jokalariekaz amaitu dau Athleticek partidua. Dana dala, markagailua ez da mobidu.
Partidu erabagigarria Europa Ligan
Athleticek Viktoria Plzen taldea jasoko dau eguenean Europa Ligako liga faseko azken jardunaldian San Mamesen, gaueko 21:00etan. Athleticek puntu bakarra eskuratu behar dau final-zortzirenetarako sailkapen matematikoa berresteko. Ostean, lehoiek Sevillara osterea egingo dabe. Athleticek Benito Villamarin estadioan jokatuko dau ligako 22. jardunaldian, domekan gaueko 21:00etan, Betisen kontra. Lehen itzulian, bana bardindu eben Athleticek eta Betisek San Mamesen.