Athleticek kopa txapelketako final zortzirenetako kanporaketea jokatzeko sailkatu da UD Logroñes kanporatuta. Zuri-gorriak, baina, amildegira jausteko zorian egon dira. Izan be, penaltietan lortu dabe hurrengo faserako txartela, 125 minututan federazinoaren bigarren mailako talde bati golik sartu ezinik egon ostean. Zuri-gorriak jaun ta jabe izan ziran jokoan baina futbolean golek agintzen dabe eta errioxarrek ondo jagon eben euren atea. Julen Agirrezabalak penaltia geratu eutson Alex Gualda, Logroñes taldeko jokalari bilbotarrari eta Unai Gomez Etxebarriak sartu eban jaurtiketa erabakigarria.
Ernesto Valverdek garbi esan partidu aurreko prentsaurrekoan kopa txapelketako etxetik kanpoko partiduek ikara handia sortzen deutsela. Izan be, Athleticeko entrenatzaileak ondo baino hobeto daki zelako zailtasuna daukien holako norgehiagokek. Itaundu bestela, Mallorca, Girona edota Sevillari. Teorian, lehen mailako taldea faborito garbia izan arren, bedartzan ez da hainbeste igarten talde bien arteko aldea.
Zuri-gorrien entrenatzaileak aldaketa asko egin ebazan hasierako hamaikakoan eta ligan zein Europako ligan minutu gitxien jokatu daben gizonak zelairatu ebazan Las Gaunasen. Athleticek polito ekin deutso partiduari. Djaloren eskutik etorri dira zuri-gorrien lehen aukera biak. Ander Herreraren jaurtiketa bat be gitxigaitik joan da kanpora. Minutuek aurrera egin ahala, ostera, Valverderen taldeak indarra galdu dau aurrealdean.
Bigarren zatian gauzak bardin segiduten ebela ikusita, zuri-gorrien entrenatzaileak Williams anai biak eta Mikel Jauregizar zelairatu dauz. Halanda be, Logroñesek ez eban larrialdi handirik igaro, bilbotarren ahaleginak ez dauelako islarik izan markagailuan. Beste hiru aldaketa be egin dauz, Vivian, Unai Gomez eta Yuri Berchiche zelairatuta baina Athleticek ezin izan dau golik sartu. Kontuak kontu, penaltietan erabagi da kanporaketea. Julen Agirrezabalak geratu egin dau Logroñesen bigarren jaurtiketea eta hirugarrena kanpora jaurti dau Sarriegik. Zuri-gorrien aldetik, Vivianek, Berenguerrek, Yurik eta Unai Gomezek sartu egin dabez euren penaltiak eta Nico Williamsek bakarrik ez dau asmau. Zorionez, Athletic kopako final zortzirenetako zozketan egongo da datorren eguaztenean, asko sufriduta izan bada be.