
Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak eta Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Lehenengo Lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Busturialdea-Urdaibai eskualdeko Guggenheim proiektuagaz lotutako entzuteko prozesua aurkeztu dabe gaur Gernika-Lumon. Prozesu honek hainbat fase izango dauz, eta horren bidez, gitxienez, mila testigantza jasoko dabez 2025ean zehar. Prozesuak metodologia akademiko zorrotz eta garden bati jarraituko deutso, eta Agirre Lehendakaria Center erakundeak eta New Yorkeko Columbiako Unibertsidadeak zuzenduko dabe. Lan-taldea hamar pertsonek osotuko dabe.
Aurkezpen-ekitaldia Gernika Elkartegia enpresa-zentroan izan da. Bertan izan dira, besteak beste, Gorka Espiau eta Itziar Moreno Agirre Lehendakaria Center for Social and Political Studies zentroko zuzendaria eta zuzendarikidea hurrenez-hurren, eta Joshua Fisher Columbiako Unibertsidadeko Lankidetza, Gatazka eta Konplexutasuneko Partzuergo Aurreratuko (AC4) zuzendaria. Prozesua jentaurrean aurkeztu aurretik, bilera bat egin dabe Busturialdea-Urdaibai eskualdeko hogei alkateakaz, ekimenaren zehaztasunak bertatik bertara aurkezteko.
Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak azpimarratu dauanez, eztabaida sozial konplexua da esku artean daukiena. “Konplexutasun hori ulertzeko eta sentsibilidade desbardinei erantzuna emoten saiatzeko, beharrezkoa da entzutea. Horixe da hartu dogun konpromisoa”, gaineratu dau Bizkaiko Ahaldun Nagusiak.
Ibone Bengoetxea Lehendakariordeak azaldu dauanez, ez da ohiko prozesu bat izango. Herritarrei entzuteko eta euren pertzepzinoak hobeto ulertzeko, borondate zintzo eta sakon bati erantzuten deutsan prozesu neutrala izango da.
EH Bildu, “herritarren eretxia errespetau”
Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak aurkeztutako ekimenaren aurrean, EH Bilduk Guggenheim Urdaibai egitasmoaren entzute prozesua zintzoa bada, herritarren gehiengoaren eretxia errespetau beharko dala esan dau. Busturialdeko alkateek entzuketa prozesuaren azalpenak jaso dabez gaur. Busturialdeko herritarrak entzutea helburu dauan edozein ekimen ondo etorria dala adierazi dabe alkateek, nahiz eta berandu etorri. EH Bilduk modu positiboan baloratu dau Agirre Center Fundazinoak egindako planteamendua. Halanda be, hainbat zalantza sortu jakez eta argi daukie entzute prozesu honetan, herritarren gehiengoaren eritxia errespetau beharko dala. Eta zalantzan jartzen dabe prozesu hau aurkeztu daben erakundeek horretarako prest dagozan.