Erderaz esaten dan moduan, hirugarrenean… orduan bai. Athleticek Txapeldunen Ligako lehen garaipena eta lehen hiru puntuak lortu dauz San Mamesen Azerbaijango Qarabag-en kontra.
Askok final baten etiketa jarri deutse Qarabag-en kontrako partiduari, Athleticek hiru puntuak behar dauazalako Txapeldunen Ligan bizirik jarraitzeko. Beharrizanetan, Athletic ez da ondo hasi. Kanpoko taldeak lehen minutuan egin dau gola. Laporte eta Paredes ez dira ondo ulertu, eta bigarren honen aldaratzeak frantziarraren paparrean jo eta Qarabag-eko aurrelariari jausi jako. Andradek ez dau hutsik egin Unai Simonen aurrean eta aurretik jarri dau Gurbanoven taldea.
Nahiz eta partidua aldats gora hasi, Athleticek plangintza bardinagaz jarraitu dau, presinoa goian egiten eta aukerak amaitzen. Aukera garbi bi euki dauz Athleticek lehen gola sartu aurretik. Lehena, Oihan Sancetena, atezainaren aurrean gora bota dau baloia, askok gola kantatu dabe San Mamesen. Bigarrena, erdiraketa baten etorri da, Aitor Paredesi gainera etorri jako baloia eta errazena gola egitea izanda, kanpora joan jako.
Athleticen oldarraldiaren barruan, Gorka Guruzetaren gola etorri da. 5 minutu falta dirala lehen zatia amaitzeko, Jauregizarren pase bat jaso eta kontrol bitan atezainaren aurrean ez dau parkatu. Banakoagaz joan dira 22 jokalariak atsedenaldira. Iñaki Williams-ek arinago laga behar izan dau berdegunea, min hartuta. Bere ordez, Alex Berenguer zelairatu dau Ernesto valverdek.
Atsedenaldiaren ostean, Athleticek bere horretan jarraitu dau. Guruzetak beste aukera bat izan dau eta Paredesek ez du asmatu ate aurrean. Taldea indarrak galtzen joan da, eta horren ondorioz, Valverdek aldaketa hirukoitz erabakigarria egin dau. Areso, Galarreta eta Robert Navarro zelairatu dauz Valverdek. Azken honek, gaurkoan be, maila handiko jokalaria dala erakutsi dau. Area ertzean jaso dauan lehen baloian, aurkariari izkin egin eta eskuadrara bidali dau baloia. Golatzarra San Mameseko markagailuan Athletic aurretik jartzeko.
Hortik aurrera, partidu kaskarragoa ikusi dogu. Baloi galtze inozoak etorri dira, baina Athleticek ez dau ia sufritu. Unai Simonek ez dau lan handirik euki gaur. Halako baloi urruntze baten, areaz kanpo Guruzetari jausi eta kontrola egin ostean, airez emon eta sareetara bidali dau baloia. Gol bi eta MVP saria Athleticeko aurrelariarentzat.
Merezitako garaipena zaleekin batera berdegunean ospatu dau Athleticek.
