Balio handio puntua eskuratu dau Athleticek Betisen aurka Benito Villamarinen jokatu dauen partiduan. Etxeko taldea bi bider aurreratu da markagailuan baina zuri-gorriak bardintzea lortu dabe bietan. Paredes eta Sancet izan dira Athleticeko goleatzaileak, Paredesek bikain ataratako korner bi baliatuta. Ernesto Valverderen taldeak eutsi egiten deutso laugarren postuari, Vila-real lau puntura hurreratu bada be.
Nico Williams eta Iñigo Ruiz de Galarreta barik ekun deutso Athleticek Betisen aurkako partiduari. Ernesto Valverdek zazpi aldaketa egin ebazan hasierako hamaikakoan, Viktoria Plzenen aurkako zelairatutakoagaz alderatuta. Zuri-gorrien entrenatzaileak Iñigo Lekue ipini dau atzealdeko ezker hegalean, Yuri eta Adama Boiro deialdian egozan arren. Ganera, Unai Gomez zelairatu dau aurrealdean, Sanceten alboan, Guruzeta, Marton, Djalo eta Maroan Sanadi aurrelariak aulkian itxita.
Betisek agindu dau partiduaren lehen minutuetan baina arrisku handirik sortu barik Unai Simonen ate aurrean. Hamabostgarren minutuan, ostera, etxeko taldeak markagailuan aurreratzea lortu dau. Unai Simonek ezin izan dau geratu Antonyk area barrurik egindako jaurtiketea eta aldaratzea Isco Alarconek jaso eta sareetara bidali dau. Hortik aurrera, zuri-gorriek aurrerapausu bat emon dabe bardinketaren golaren bila. Hogeta hamabigarren minutuan, Berenguerrek bikain atara dau kornerra zuri-gorrien erasoko ezker hegaletik eta baloiak sareetan amaitu dau Paredesek eta Betiseko atezainak lagunduta.
Lehenengo zatia bardinketeagaz amaituko zala zirudienean, Betisen bigarren gola iritsi da. Perraud ezker hegaleko atzelariak jaurtiketa bortitza egin dau eskoiko oinagaz eta Unai Simonek ezin izan dau geratu. Athleticeko atezaina ez da bape fin ibili jokaldi horretan.
Bardinketaren bila zelairatu da talde zuri-gorria bigarren zatian. Valverdek Guruzeta eta Prados zelairatu ditu Unai Gomez eta Mikel Jauregizarren ordez. Egia esateko, bigarren zatian Athleticek ez dau arrisku handirik sortu Betisen atean. Zuri-gorriak, baina, bikain baliatu dabe binako bardinketea lortzeko euki daben aukera bakarra. Barriro be korner baten, hau eskumako aldetik ataratakoa, Berenguerrek baloi bikaina ipini deutso Oihan Sanceti eta honek sareetara bialdu eban burukada eder bategaz.
Joko bikaina egin barik, Athleticek partidu serioa jokatu dau Benito Villamarinen talde gogor baten aurka. Hurrengo astean, aspaldiko partez, Athleticek ez dau kopako edo Europako Ligako partidurik jokatuko eta Gironaren aurkako partidua ondo prestatzeko aukerea eukiko dau Valverdek. Zalantza barik, ontzat emon behar dogu Athleticek Betisen zelaian lortutako puntua.