Uzta eskasa Athleticentzat Espanyolen zelaian (1-1)

Unai Simonek egindako huts ikaragarri bat baliatuta aurreratu da aurkaria markagailuan eta Sancetek bardinketaren gola sartu dau
Sancetek bere hamabigarren gola sartu dau Ligan eta Sannadi hasierako hamaikakoan sartu dau Valverdek / Athletic Club

Athleticek puntu bakar bat eskuratu dau Espanyolen zelaian jokatu dauen partiduan. Zuri-gorriek eutsi egiten deutse bolada onari -hamabost jardunaldi daroez galdu barik- baina aukera ona galdu dabe Vila-realekiko aldea handitzeko eta Atletico de Madrid eta Real Madridekiko aldea murrizteko. Egia esateko, Valverderen taldeak ez eban gauza handirik egin hiru puntuak eskuratzeko. Ganera, partidua galtzeko zorian be egon da talde zuri-gorria, perikitoak markagailuan aurreratzea lortu dabe-eta Unai Simonen huts ikaragarri bat baliatuta.

Maroan Sannadi izan da nobedade nagusia Valverdek zelairatutako hamaikakoan. Jokalari gasteiztarra orain dala egun gitxi batzuk iritsi da Athleticera eta daburduko lekutxoa lortu dau hasierako hamaikakoan, Gironaren aurka minutu on batzuk jokatu ostean. Sannadirena izan da Athleticek lehen zatian euki dauen aukera garbiena baina haren jaurtiketea kornerrera desbideratu dau Joan Garcia, Espanyol taldeko atezainak. Gura bako protagonistea bilakatu zan Maroan Sannadi Espanyolen aurkako partiduan. Izan be, Cuadra Fernandez epaileak partidua eten egin dau, Athleticeko jokalariak irain arrazistak entzun dauzelako.

Gol barik amaitu da lehenengo zatia, lehiakide biek ez dabe-eta arriskurik sortu aurkariaren ate aurrean. Valverdek, normalean egiten dauen moduan, ez eban aldaketarik egin atsedenaldian, pentsaurik bere taldea gauza izango zala markagailuan aurrea hartzeko. Sartu beharrean, gol bat jaso dau Athleticek bigarren zatiaren 16 minutuan, partidua kontrolpean eukanean Espanyol hurreratu be ez zan egiten-eta zuri-gorrien atera. Perikitoek, baina, ederto baliatu dabe Unai Simonek egindako oparia. Atezain batek hutsak egin leikez, edozein jokalarik lez, baina Simonek Cornella-El Praten egin dauena onartuezina da futbol profesionalean.

Valverderen taldearen alderako esan behar da ez dauela besoak jaitsi gola jaso eta gero. Ekin egin deutso erasoari eta azkenean Sancetek bardinketaren gola sartu dau -zorte apur bategaz- korner baten. Athleticeko jokalari nafarrak hamabi gol sartu dauz liga txapelketan. Entrenatzaileak Nico Williams zelairatu eban azken ordu erdirako erasoko jokoa indartzeko baina haren errendimendua ez da ona izan. Oso urrun dago bere maila onenetik.. Zuri-gorriek azken ahalegin bat egin dabe garaipenaren gola sartzeko baina ez dabe helburua bete.

Kontuak kontu, Athleticek galdu barik segiduten dau Liga txapelketan baina puntu batekoa uzta makala da datorren denporaldian Txapeldunen Ligan jokatu gura dauan talde batentzat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00