
Athleticek puntu bakarra lortu dau Mallorcaren aurka San Mamesen, ligako 27. jardunaldian, partidu eskas baten ostean (1-1). Atletico Madrilen eta Erromaren zelaietan galdu eta gero, Athleticek porrotaren bidetik iges egin dau, baina ez ditu hiru puntuak eskuratu. Dana dala, Vila-realek atzo bardindu ebanez, bere aurkaririk zuzenenarekiko abantaila handitu dabe lehoiek jardunaldi honetan.
Ernesto Valverdek aldaketa ugari egin ditu hasierako hamaikakoan. Azken partidutik hiru jokalarik bakarrik errepikatu dabe hasierako hamaikakoan: Yeray, Jauregizar eta Nico Williams. Lehen zatia ondoen azaltzen dauan estadistika honakoa hau da: Athleticek eta Mallorcak ez dabe hiru zutoinen artean errematatu lehen zati osoan. Seguruenik, denporaldi osoko lehen zatirik aspergarriena ikusi dabe zaleek San Mamesen.
Norgehiagokako gauza garrantzitsu guztiak bigarren zatian gertatu dira. 56. minutuan, Raillok Mallorca aurreratu dau markagailuan, Darderrek ipinitako kornerra errematatu eta gero. Dana dala, gitxi iraun jako poza Mallorcari. Minutu bi pasa eta gero, Nico Williamsek partidua bardindu dau Andoni Gorosabelen erdiraketa buruz sareetara bidalita. Azken ordu erdian, Athletic garaipenaren golaren bila joan da, baina ez dau Mallorcaren horma barriro hautsi.
Hil ala biziko partidua
Athleticek denporaldiko partidurik garrantzitsuena jokatuko dau eguenean Erromaren aurka San Mamesen. Europa Ligako final-zortzirenetako joaneko partiduan 2-1 galdu eta gero, lehoiek garaipena eskuratu beharko dabe bizirik jarraitzeko. Horretarako, San Mamesen bultzada ezinbestekoa izango da. Edozelan be, partiduko biko astea eukiko dau talde zuri-gorriak. Athleticek Sevillaren aurka jokatuko dau Sanchez Pizjuan estadioan hurrengo domekan.