
Bilboko Eleizbarrutiak Monumentuen Katalogoa aurkeztu dau, Bizkaiko Foru Aldundiagaz alkarlan estuan eginda. Tenpluak eta barruan gordeta daben ondare guztia batzen da fitxa ezbardinetan. Detaile eta xehetasunez betetako fitxak dira eta catalogomonumentaldiocesisbilbao.com helbidean dagoz orain arte egindakoak. Bere zabaltasun eta zehaztasunagaitik, eta egiteko erabilitako bitarteko digitalei esker, ondarearen katalogazinorako eredugarritzat jo dabe katalogo hau.
Ekimena 1980ko hamarkadan ipini eben martxan eta asmoa da 2029rako amaitzea. Gaur egun online kontsultatu leiteke oso-osorik egindako eskualdea: Nerbioi Garaia. Lan baliotsua eta oso erabilgarria ikertzaile, arte-historiagile eta kultur kudeaketarako profesionalentzat, baita jakinmina daben guztientzako be. Gainera, turismo jasangarria eta kalidadekoa sustatzeko bitartekoa be izan leikela adierazi dabe prentsaurrekoan.
Nerbioi Garaia eskualdeko ondareagaz 800 fitxa baino gehiago egin ditue, eskualde txikienetakoa izanda. 2029rako, lana amaitzen danerako, 10.000 fitxatik gora izatea aurrikusten da, ondare-ondasun guztiak atzemonda, kokatuta eta baloratuta. Juan Manuel Gonzalez Cembellin Eleiz Museoko zuzendari teknikoaren esanetan, hau sekulako balioa dauan altxorra da, hain zuzen be, “785 tenpluri buruz dihardugu eta eurotan gordeten diran 1.000 erretaula ingururi eta 9.000 eskultura, margolan, urre eta zidarrezko bitxi… ingururi buruz”. Tenplu bakoitzak bere argibide-idazkia dauka eta eukiko dau, irudi ugarigaz eta eraikin eta gauza bakotxari buruzko fitxa zehatzekin. Danetara, 1.500 plano baino gehiago eta 20.000 bat argazki jasoko ditue.
Bizkaieraz be bai
Egitasmo honetan lekuko hizkuntzearen eta nortasunaren alde egitea erabagi dabe. Katalogoa bizkaiera landuan be badago, lurraldeko ondarearen eta berariazko hizkuntzearen arteko lotura sendotu gura izan da eta. Gotzaitegiko itzulpen-zerbitzuak egin dau lana eta Labayru Fundazinoak be parte hartu dau.