
Maiatzaren 21ean Bilbon jokatzekoa dan Europa Liga txapelketako finalak hainbat eragin izango dauz trafikoan, garraio publikoan eta zabor bilketan. Ondorio handienak San Mames inguruan izango dira, baina orokorrean Basurtu, Indautxu eta Olabeaga auzoetan nabarituko dabez herritarrek.
San Mames inguruan trafikoa etengo da maiatzaren 21eko 00:00etatik maiatzaren 22ko 05:00etara. Hesiak jarriko dabez Sabino Arana etorbidean, Jesusen Bihotzaren eta Simon Bolivar kalearen artean. Estadioaren perimetroa be zarratuko dabe, Felipe Serrate, Ventosa bidea, Luis Briñas eta Zunzunegi etorbidearen artean.
Finalaren egunean, 17:30etatik aurrera gitxi gorabehera, itxita egongo da A8rako urteera Sabino Aranan, Urkixo Zumarkaletik. 14:00etan zonalde hauetan etengo da trafikoa: Euskalduna zubian, Jesusen Bihotzaren plazan, Kale Nagusian (Maria Diaz Harokoraino) eta Jose Maria Escuza kalean. Zirkulazinoa tarteka etengo da barriz, Trenbideko etorbidean, Sabino Aranaren eta Ametzolako biribilgunearen artean.
Aparkalekuak kenduko dira kale horreetan hilaren 20tik 22ra bitartean, baita Anselmo Clave kalean, Basurtuko Kaputxinoen kalean eta Zunzunegi kalean be bai. Ganera, kale horreetan dagozan garajeetan ezin izango da sartu ez urten maiatzaren 21eko 15:00etatik maiatzaren 22ko 05:00etara, Udaltzaingoak baimena emoten dauan kasuetan izan ezik. Ordutegi horretan, Basurtu, Indautxu eta Olabeagan sartzeko eta urtetako, Autonomia, Zabalburu eta Juan de Garay kaleak erabili ahalko dira, alde batetik, eta Basurtu-Kastrexana errepidea eta Kadaguako korridorea, bestetik.
San Mamesetik hur dagozan etxebizitzetara (futbol-zelaiko segurtasun-eraztunen barruan dagozan etxebizitzetara), oinezkoak hiru bidetatik iritsi ahalko dira:
-Sabino Aranatik, Jesusen Bihotza plazan eta Zunzunegi etorbideko izkinan, tranbidearekiko paraleloan dagoan espaloitik.
-Luis Briñasetik, zenbaki bakoitietako espaloitik.
-Ventosa bideko etxebizitzetara, oinezkoen sarbidea kale horren eta Trokabidearen artean egongo da.
Gaur 195 hegaldi aurreikusita dagoz
AENAk zerbitzu bereziak jarri dauz abian hainbat aireportutan. Atzo 278 hegaldi egozan aurreikusita, gaur beste 195 eta bihar 282. Milaka zale ingeles dabilz egunotan Bilbora bidaiatzen. Horrek aire trafiko handia ergin dau, ez bakarrik Loiuko aireportuan, baita Hondarribia, Foronda eta Santanderreko aireportuetan be.
‘Fan zone’ guneak
UEFAk antolatutako ‘Fan Zone’ neutrala Bilboko Areatzan dago. Sarrerea doakoa izango da gunea bete arte, eta zabalik egongo da gaur, finalaren bezperan, 11:00etatik 22:00etara, eta finalaren egunean, eguaztenean, 11:00etatik 18:00etara. Hainbat jarduera egingo dabez, tartean, UEFA Europa Ligako garaikur ofiziala hurretik ikusi eta argazkiak ataratzeko aukerea izango da bertan.
Tottenhamen zaleen gunea Ametzolan dago. Manchester United-ekoena barriz, Etxebarria Parkean. Pantaila erraldoiak jarriko dabez zaleen gune bi honeetan, Europa Ligako finala zuzenean ikusteko. 55.000 zale inguru itxaroten dabez agintariek Bilbon, eta 25.000 inguruk ez dabela sarrerarik eukiko aurreikusten dabe.
Aldaketak garraio publikoan
Orokorrean autoa ez erabiltea eta garraio publikoa erabiltea aholkatzen dau Bilboko Udalak. Batetik, Bilbobus eta Bizkaibus linea askoren ibilbideak eta geralekuak kendu edo aldatu egingo dira. Informazino hori kontsultatzeko, Bilbobusen eta Bizkaibusen webguneetara jo daiteke. Bestetik, metro, tren eta tranbia zerbitzuak indartu egingo dabez. Kontuan izan behar da San Mameseko metro geltokia zarratuta egongo dala maiatzaren 21eko 15:00etatik hurrengo eguneko 06:00etara.
TAOari jagokonez, maiatzaren 24ko 14:00etara, zerbitzuak egoiliarren eremuak aldatuko dauz, DES-R egoiliarren bereizgarria daukien pertsonek uriko edozein sektore berdetan aparkatzeko aukera izan dagien.
Tottenham Hotspur eta Manchester United aurrez aurre
Ingalaterrako talde bi izango dira aurrez aurre Europako ligaren finalean: Tottenham Hotspur eta Manchester United. Irabazleak Txapeldunen Ligea jokatuko dau hurrengo denporaldian. Londoneko taldeak Bodo Glimt talde norvegiarra kanporatu eban finalaurrekoetan eta Manchester Unitedek gauza bera egin eban Athleticegaz. Eguazteneko finalak garrantzi handia dauka lehiakide bientzat. Talde biak oso makal aritu dira Premier Leaguen —sailkapeneko beheko aldean dagoz biak— eta Europako Ligea irabaztea da denporaldia salbetako modu bakarra.