
Minbiziak eroan dau Izaskun Ellakuriaga Bustinza Bizkaia Irratiko kazetari ezaguna. Bizitza osoan jardun izan dau komunikazinoaren, euskerearen eta euskal kulturearen inguruan beharrean, bere lan bizitzako ardatzak izan dira. Bere ekarpena handia eta aberatsa izan dala nabarmendu geinke gainera, langile nekaezina izan dalako, leku batean zein bestean, astegunez zein jaiegunez… burua beti bueltaka eta lanean beti martxan.
Bizkaia Irratian
Bizkaia Irratian 2002. urtean hasi zan lanean, eta irratiko lana Gerediagako eta Durangoko Azokako komunikazino zereginagaz partekatu izan dau urte guzti honeetan. Kazetari sen handiko pertsonea, komunikazino bizikoa, jakinmin handikoa eta beti etenik bako formazinoan, komunikazino arloan egunean egoteko.
Irratian danetariko lanak egin izan ditu, ikaragarri haziz eta garatuz urte guzti honeetan kazetari moduan. Saio ezbardinak egin izan ditu irratian, azken urteotan irratiko goizeko lehenengo saioa, Goizeko Izarretan: informazinoa, alkarrizketak, lehiaketak…. seriotasunez, profesionaltasunez eta zorroztazunez. Bere umorerik onena ataraten be baekian holan toketan zanean, lehiaketetan edota saioko tarte ludikoenetan. Ikastetxez ikastetxe be asko ibili da aspaldiko urteetan, Zortziko Txikia saiorako umeen bertsoak, asmakizunak eta bestelakoak grabatuz, ondoren txukundu eta irratiz emoteko.
Langile nekaezina, beti buruari bueltaka irratian zein irratsaioan hobekuntzak egiteko, bardin astegun zein jaiegunez, lanorduetan zein eguneko gainerako orduetan. Langile fina eta lankide bikaina, irratilagunek estimu handian eukiena, beti laguntzeko eta ekarpenak egiteko prest.
Biografia
Izaskun Ellakuriaga Bustinza Iurretan jaio zan 1972an. Oinarrizko ikasketak Iurreta eta Durangoko ikastoletan egin ondoren, Euskal Herriko Unibertsidadean lizentziatu zan kazetaritzan 1995ean. Geroago Multimedia Negozioen Zuzendaritza Masterra egin eban bertan, eta komunikazino arloan formazino saio ugari egin eban: hartuemon publikoak, protokoloa, ekitaldien antolakuntzea, gizarte-sareak… Jakinmin handiko pertsonea zan Izaskun, komunikazinoan egunean egotea gustetan jakon eta bere formazinoa etenik bakoa izan da arlo horretan azken unera arte.
Bere lan ibilbideari jagokonez, Euskaldunon Egunkarian egin zituan ikasketa osteko praktikak, batez be, jaietako kronikak eta kultura arlokoak landuz. Bertsozalea be bazan eta arlo horretan be nabarmendu zan. Egunkarian bertan bertsolaritzeaz astean kronika bat idazten eban eta Bertsolari Txapelketen jarraipena be egin eban. Bertsolari aldizkariko hainbat zenbakitako erredakzino kontseiluan parte hartu eban eta artikulu batzuk be idatzi zituan. Bertsotan be emon zituan pausoren batzuk, Jon Lopategiren “Kanpantxu” barnetegietan parte hartuta. Gai jartzaile eta epaile lanak be egin zituan, herri mailan batez be.
Mikel Laboagaz jardun izan eban Kiromantzidxa lanean, errezitetan, 1998an lehenengoz eta beste pare bat edo hiru urtez ondoren, Laboaren kontzertuetan. Zuzenean II-Gernika diskoan batuta geratu zan bere kolaborazinoa.
Durangaldeko bertako Eraz aldizkarian be ibili zan lanean 1994tik 2003ra bitartean, erredaktore eta zuzendari moduan. 2004tik 2011ra bitartean Berrizko udaleko komunikazino aholkularia izan zan. Durangoko Kurutziaga ikastoleak 2005ean antolatutako Ibilaldiko komunikazino arduraduna izan zan. 2009ko Euskal Herriko Bertsolaritza txapelketako komunikazino taldeko kidea be izan zan, ekitaldiaren komunikazino eta marketin estrategia diseinatzeaz eta kudeatzeaz gain. Honegaz batera, Lekukom komunikazino agentzia sortu eban Marijo Deograciasegaz batera. Agentzia horregaz jardun eben hainbat proiektutan, ekitaldiak antolatuz, gizarte sareen estrategiak garatuz, komunikazinoa kudeatuz eta arlo horretako aholkularitzea eskainiz.
Bere jakinminak bultzatuta, Zeelanda Barrira eta Australiara joan zan ingelesa hobetzera 2012an, ikasteaz batera, era askotako lanak eginda eta bertako kultura eta bizimodua ezagututa.