
Pulp talde britaniarrak hasiera ezinhobea emon deutso izarrez betetako jaialdiari. Japanese Breakfast-en kanta gozoek Agertoki Nagusia berotu eben, kartelburuak urten orduko. Izan be, Pulpek bere disko barria aurkeztu eban atzo, More, 20 urtez ezer kaleratu barik egon eta gero. Spike Island edo Got To Have Love lako singleak tartekatu dabez euren kanta klasikoen artean. Zaleek Jarvis Cocker abeslariaren jarrera txalotu eben, 61 urtegaz eszenatokietara bueltatzera animau da-eta.
Baina Pulpegaz batera, hamaika artista igo ziran jaialdiko bost eszenatokietara. Kaytranada ekoizle kanadiarrak Cocker ordezkatu eban Agertoki Nagusian goizeko ordu bietatik aurrera, house, funk eta R&B musika fusionatuz. Judeline eta Hofe izan ziran atzo gehien espero ziran emonaldietariko batzuk, Repsol eta Johnnie Walker agertokietan, hurrenez hurren.
Autobus-zerbitzua
Orain dala lau urte, igotzeko autobus-zerbitzua barritu eben, aukera bi eskainiz: doako zerbitzua (Santi Mamitik, EITBko egoitzatik), eta erreserbapekoa (igoerarako bakarrik eskaintzen dabena). Azken hau jaialdiaren webgunetik erreserbatu beharko da, aldez aurretik, eta tiketak 3 euro balio dau. Batez be, 19:30etatik aurrera doako autobusa hartzeko sortzen dan ilara saihesteko sortu bazan be, jendeak betiko aukera lehenesten jarraitzen dau.
Gaur, barikua
Bisitari asko espero dira gaur be bai Kobetamendin. Kneecap irlandarrak, Amyl and The Sniffers, Amaia, Rusowsky eta Raye lako artisten emonaldietaz gozatzeko aukera dago gaur. Bad Gyal da, ordea, gehien errepikatzen dan izena. Kataluniarra ikusteko jende asko espero da Agertoki Nagusian. XSakara bermeotarra 17:30ean ikusi ahal izango dogu bertan be bai. Bihar, zapatuan, Kylie Minogue eta Damiano Davidek agur esango deutsie aurtengo edizinoari.
