10 hilabeteko zigorra Yeray Alvarezi

UEFAk 10 hilabeteko zigorra jarri deutso Athleticeko atzelariari dopinaren kontrako kontrol baten positibo emoteagatik

Ofiziala da, Yeray Alvarezek 10 hilabeteko zigorra bete beharko dau berdegunetik kanpo, dopinaren kontrako kontrol batean positibo emoatearren.

Pasa dan denboraldian, Manchester Uniteden kontrako kanporaketan, partidu amaierako kontrol baten Yeray Alvarezek positibo emon eban. UEFAk Athletici aditzera emon eutson barakaldotarrak positibo emon ebala baina honek aukerea eukon errekurtso bat aurkezteko, bere errubakotasuna frogatzeko. Athleticek dokumentu eta froga guztiak UEFAri emon eta gero, atzo ofiziala egin eben zein izango dan zigorra: 10 hilabete berdegunetik kanpo. Ezin izango dau partidu ofizialik jokatu ezta taldekideegaz entrenatu.

UEFAk onartu eban atzelariak ez ebala debekatutako substantzia onura fisikoak eukiteko hartu, baizik eta gure barik izan zala. Hortik zigorraren “malgutasuna”, izan be, honako kasuetan zigorrak oso gogorrak izaten dira. Esate baterako, Mikhailo Mudryki (Chelseako jokalaria) 4 urteko zigorra jarri eutsien pasa dan denboraldian.

Athleticen komunikatuak dino “UEFAk onartzen dau jokalariak ez eukala intentzionalitaterik izan” eta gaineratzen dau “debekatutako substantzia bikotekidearen ilearen erorketaren kontrako prebentzino-sendagai bat behar ez bezala hartzeagatik hartu ebala”.

Apirilaren 2a

Yeray bagilaren 2tik jokatu barik dago. Zigorra 10 hilabetekoa dala orain ezagutu barri dau, baina bagilaren 2tik jokatu barik dagoanez, 10 hilabeteko epea bagiletik hasten da kontatzen, hau da, apirilaren 2an partidu ofizial batean parte hartu ahal izango dau. Horrez gain, bi hilabete arinago taldekideegaz entrenatzen hasi ahal izango dau. Momentuz, Iker Muniainen Derio taldeagaz entrenatzen dabil, zezeilaren 2an taldekideegaz ahalik eta forma onenean bueltatzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00