Athleticek denporaldiko lehen porrota sufridu dau Alavesen kontra (0-1)

Zuri-gorriek talde arabarraren aurkako derbia galdu dabe Alex Berenguerrek bere atean sartutako golaren erruz
Athletic ezinean ibili da partidu osoan zehar / Athletic Club

Athleticek galdu egin dau lehenbiziko aldiz denporaldi honetan. Zuri-gorriek ligako lehen lau jardunaldietan lau garaipen kateatzeko aukerea euken, baina Alavesek ezustekoa emon eta hiru puntuak eroan ditu Gasteizera (0-1). Partidu ona jokatu ez arren, Athleticek ez dau galtzea merezidu izan. Husna amaitzeko norgehiagoka izan da. Alaves gitxitan hurreratu da Unai Simonen atera eta Alex Berenguerrek bere atean sartutako golari esker lortu dau garaipena.

Athleticek aldaketa gitxi egin ditu hasierako hamaikakoan, ezinbestekoak alde batera itxita. Nico Williamsen lesinoaren ondorioz, Alex Berenguerrek hasieratik ekin deutso norgehiagokari eta Gorka Guruzeta taldearen erreferentzia izan da goikaldean. Edozelan be, talde biek oso joko pobrea erakutsi dabe lehen zatian. Athleticek erremate bakarra egin dau hiru zutoinen artean eta Alavesek ez dau atera jaurtiketarik egin.

Partiduan egoan argitasun falta ikusita, Alavesek aldaketa hirukotxa egin dau atsedenaldian. Eduardo ‘Chacho’ Coudetek Denis Suarez, Toni Martinez eta Lucas Boye zelairatu ditu Jon Guridi, Mariano Diaz eta Carlos Vicenteren ordez. Aldaketekaz talde gasteiztarra zelaian egonkortu da eta Athleticek ez ditu aukera askorik sortu. Egia esatearren, Alavesek ez dau ezelango zorroztasuna erakutsi erasoan, baina Alex Berenguerrek Denis Suarezen erdiraketa bat desbideratu eta baloia sareetara bialdu dau, Unai Simonen hutsegitea tartean. Bardinketa lortzeko asmoz, Athleticek hainbat aldaketa egin ditu erasoari begira, baina Alavesek ondo eutsi deutso abantailari, denporagaz jokatuz, eta bere lehen garaipena lortu dau etxetik kanpo denporaldi honetan.

Txapeldunen Ligara itzuliko da Athletic

Athleticek azkar ezabatu behar dau burutik Alavesen aurkako porrota. Izan be, talde bilbotarrak Txapeldunen Ligan debuta egingo dau martitzenean, arratsaldeko 18:45etan San Mamesen Arsenalen kontra. Mikel Artetak zuzendutako taldea Txapeldunen Ligako finalaurrekoetara heldu zan aurreko denporaldian eta bigarren postuan amaitu eban Ingalaterrako ligan. Halanda be, baja garrantzitsuekaz helduko da San Mamesera: Saliba, Saka, Havertz eta Ødegaard lesionauta dagoz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00