Athletic Getaferen tranpan erori da beste behin (0-1)

Lehoiak ezinean ibili dira partidu osoan zehar eta talde madrildarrak garaipena eroan dau San Mamesetik
Nico Williamsek markaketa bikotxa euki dau / Athletic Club

Athleticek ohitura txarrak berreskuratu eta 0-1 galdu dau San Mamesen Getaferen kontra partidu oso txar baten ostean. Zuri-gorriak ezinean ibili dira lehen minututik azkenera arte eta talde madrildarrak hiru puntuak eroan ditu Getafera, Borja Mayoralek 75. minutuan sartutako golari esker. Athleticek atzerapauso nabarmena emon dau ligan Errealaren kontrako derbiaren aurretik.

Ernesto Valverdek aldaketa gitxi egin ditu hasierako hamaikakoan. Vivianek hasieratik ekin deutso partiduari, Paredesen kaltetan, eta Berenguerrek hartu dau Iñaki Williamsen tokia eskoiko hegalean. Ezustekorik handiena hegal horretako lateralean egon da. Iñigo Lekue hasierako hamaikakoaren parte izan da, Areso eta Gorosabelen aurretik. Edozelan be, Areso zelaira urten da lehen zatia amaitu aurretik Lekue lesionatu dalako.

Hain zuzen be, Athleticeko jokalari deustuarraren lesinoa izan da lehen zatian gertatutako gauzarik nabarmenena. Aspaldian San Mamesen jokatutako lehen zatirik eskasena ikusi egin dabe athleticzaleek. Horren adibide da hiru zutoinen artean egindako jaurtiketen estadistika: Athleticek erremate bakarra egin dau eta Getafek ez dau errematerik egin. Aitatutako aukerea lehen zatiko azken jokaldian heldu da, Oihan Sanceten errematea David Soria atezainak gelditu dauanean.

Bigarren zatia hasi eta berehala, Gorka Guruzetak aukera ederra euki dau etxeko taldea markagailuan aurreratzeko, baina ez dau asmatu eta errematea kanpora joan da. Ostean, partidua trabatu egin da barriro eta Txingurrik aldaketa hirukotxa egin dau garaipena bilatzeko asmoz: Vesga, Maroan Sannadi eta Robert Navarro sartu dira zelaira Ruiz de Galarreta, Guruzeta eta Berenguerren ordez. Azkenean, jokaldi bakan baten, Borja Mayoralek Getaferen gola sartu dau, Unai Simonek egindako geldiketaren aldaratzea aprobetxatuta. Getafek erlojuagaz jokatu dau azken minutuetan eta garaipena lortu dau gehiegi sufridu barik.

Euskal Derbia

Athleticek Errealaren kontra jokatuko dau Donostian hurrengo zapatuan arratsaldeko 18:30etan, ligako hamaikagarren jardunaldian. Aspaldiko partez, zuri-gorriek aste osoa eukiko dabe partidua prestatzeko. Errealak, aldiz, Errege Kopako lehen kanporaketa jokatuko dau martitzenean SD Negreira taldearen kontra Galizian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00