Partidu garrantzitsua zan gaurkoa San Mamesen. Urteko azken partidua eta 17. jardunaldia zarratzen eban partidua, sailkapenean 5. postuan dagoan Espanyol taldearen kontra. Athleticek garaipena behar eban 5. postu horretatik ez urruntzeko. Lehenengo gola sartzeko gai izan da 38. minutuan, Alex Berenguerren erremateagaz. Jokaldi arraroa izan da, hainbat estropezu eta erreboteren ostean lortu dau baloia area barruan Berenguerrek eta Athletic aurreratu dau. Ez da izan aukera handiko lehenengo zatia, eta orokorrean partidua bez. Gorosabelek euki dau lehenengo aukera argia eta Espanyolek aukeraren bat euki dau be talde zurigorriaren gola heldu aurretik.
Ezaguna da Espanyolen gaitasuna estrategia jokaldietan, eta korner baten urteeran heldu da Espanyolen lehenengo gola. 44. minutuan izan da, atsedenaldira joan aurretik eta golak nabarmen mindu dau Athleticen taldea.
Bigarren zatian ez dogu guztiz espero dan Athletic ikusi. Intentsidade eta tentsino falta apur bategaz urten da aldagelatik, eta Adama Boiroren akats baten ondorioz heldu da Espanyolen bigarren gola 52. minutuan. Adamak kontrol txarra egin dau hegalean, baloia galduz eta Espanyolen erdiraketa Pere Millak errematau dau indar askogaz. Danagaz sartu da area txikian Pere Milla Espanyolen bigarren gola lortzeko, eta momentu horretan lesionau egin da jokalaria.
Espanyolen bigarren golaren ostean, partidua lotarki baten sartu da. Aukera gitxi eta partidu astuna ikusi dogu San Mamesen bigarren zatian, azkeneko minutuak heldu arte. 88. minutuan Gorka Guruzetak aukera euki dau buruz, eta zaleak eta jokalariak apur bat izartu dira. Azkeneko momentu horreetan Athleticek aurrera egin dau, eta aukeraren bat euki dau bardinketa lortzeko baina ezinezkoa izan da. Athletic 1 – Espanyol 2, 2025. urteko azken partiduan. Gero eta gatxago dauka Athleticek Europa Ligan sartzea, baina deboraldi erdia baino partidu bat gehiago falta jako Athletici eta hondino posible da. Duda barik gorantza egiteko aukerak hurrengo partidutik pasauko dira, Osasunaren kontrako derbitik. Datorren urtean izango da, 2026ko urtarrilaren 3an, arratsaldeko 16:15ean, El Sadar futbol zelaian.