Bizkaia Irratia Kirolak

“SuperJaure” erreskatera!

Athleticek 120 minutu behar izan dauz Ourenseri gola egin eta Errege Kopako final zortzirenetara sailkatzeko

Pasa dan denboraldiko gidoi antzekoa bete da, baina amaiera ingurura historiak, zorionez, beste bide bat hartu dau. Pasa dan denboraldian Athleticek Logroñesen kontra penaltiak behar izan ebazan final zortzirenetara sailkatzeko. Oraingoan, Mikel Jauregizarrek luzapeneko lehen zatian egin dauan golari esker, penaltiak saihestu eta final zortzirenetarako zozketan izango da Athletic.

Lehen minututik, Athleticen aurkari nagusietako bat O couto zelaiko bedarra izan da. Partidu guztian zehar ez dau euria egiteari laga eta minutuak pasatu ahala, zelaia gaiztotzen eta marroi kolorea hartzen joan da. Pentsa, azken minutuetan egoan lokatzagatik, jokalariak baloia altxau ezinean ibili dira.

Athletic noraezean ibili da lehen minutuetan, aukerarik sortu barik. Ourense izan da lehen hiru jaurtiketak egin dauazan taldea. Etxeko taldea, itxaroten zan moduan, gogotsu irten da zelaira. Baina minutuen poderioz, Athletic partiduan sartzen joan da eta lehen zatia etxeko taldearen zelaian amaitu da. Urko “Izeta” Iruretagoienak izan dauz aukera onenak. Izetak partidu txukuna egin dau, hainbat abagune sortu dauz, eta Athleticen ia eraso guztiak Adama-Izeta bikotearen ezker hegaletik etirri dira.

Bigarren zatira, Vigon astegoienean ez bezela, Athletic ondo sartu da. Aukera bikainak euki dauz, barriro be, Izetaren hanketan. Baina Ernesto Valverdek Izeta aldatu egin dau eta Athleticen lehen aldaketak etorri dira. Izeta, Iñaki Williams eta Vesga zelaitik atara eta Berenguer, Nico Williams eta Jauregizar zelairatu dauz.

Aldaketek ez deutse onik egin Athletici eta aldaketen osteko 15 minutuetan galduta ibili da Bilboko taldea. Halako baten, Athletic suspertzen hasi da eta oraingo honetan aukerak eskoiko hegaletik etorri dira. Erdiraketa baten Guruzetak zutoinera egin dau errematea. Azken minutuetan Areo zelairatu dau Txingurrik, luzaoenera begira. 90 minutuak beteta, luzapenera joan da partidua. 30 minutu aurretik.

Luzapenerako, Valverdek Paredes zelairatu dau Adama Boiroren ordez eta Lekue ezker hegalera bidali dau. Luzapenean Athletic gehiago izan da. Ikusi besterik ez estadistikak, Athletikek 29 jaurtiketa egin dauz eta Ourensek 6. Valverdek beste aldaketa bat egin dau, Unai Gomez Oihan Sanceten ordez. Sartu barria dan jokalariak, luzapeneko lehen zatia amaitu aurretik, jokaldi eder bat egin ostean faltea egin deutse. Azken jokaldian, Berenguerrek bigarren zutoinera erdiratu, Paredesek baloia buruz area ertzean jarri, eta airez Mikel Jauregizarrek egindako jaurtiketa sareetara joan da. 0-1 aurretik joan da Athletic luzapeneko atsedenaldira.

Luzapeneko bigarren zatian Nico Williamsek eta Alex Berenguerrek bigarren gola egiteko aukera paregabeak izan dabez, baina partidua 0-1 amaitu da.

Athletic final zortzirenetan da. Hurrengo partidua, urteko azkena izango dau Athleticek: etxean, Espanyolen kontra, astelehenean gaueko 21:00etan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00