Arbitrajeak eta Muriqik Athletic urperatu dabe Mallorcan (3-2)

Jagoba Arrasateren taldeak Jose Luis Guzman epailearen opariak aprobetxatu ditu hiru puntuak lortzeko
Jose Luis Guzman epailea partiduaren protagonista izan da, Muriqiren gainetik / Athletic Club

Athleticek 3-2 galdu dau Mallorcaren kontra Balear Uharteetan, Muriqik sartutako hiru golen erruz. Halanda be, partiduko protagonista ez da Kosovoko aurrelaria izan, Jose Luis Guzman epailea baizik. Andaluziarrak penalti bi oparitu deutsoz etxeko taldeari eta hiru txartel gorri atera deutsoz talde bilbotarrari arrazoi osoz protesta egitearren. Kontrolatu ezin diran faktoreak alde batera itxita, talde zuri-gorriak norgehiagoka ona jokatu eta garaipena merezidu izan dau.

Martitzenean esfortzu handia egin eta gero, nobedade batzuk egon dira Athleticeko hasierako hamaikakoan. Ernesto Valverdek Unai Gomez eta Berenguerren aldeko apustua egin dau, Sancet eta Iñaki Williamsen kaltetan. Aurtengo denporaldiko beste norgehiagoka batzuetan gertatu bezala, lehoiek oso azkar jaso dabe lehen gola. Unai Simonek ezin izan dau Muriqiren erremate guratzatzua gelditu eta etxeko taldea markagailuan aurreratu da 5. minuturako. Edozelan be, Athleticek ia hurrengo jokaldian bardindu dau norgehiagoka. Kasu honetan, erremate guratzatua egin dauan jokalaria Unai Gomez izan da, 8. minutuan.

Momentu horretatik aurrera, Athleticen nagusitasuna eztabaidaezina izan da eta Unai Gomezek eta Guruzetak bigarrena sartzeko aukerak euki dabez, baina geldiketa onak egin ditu Leo Roman etxeko atezainak. Athleticek partidua kontrolpean eukanean, arratsaldeko lehen oparia jaso dau Mallorcak. Epaileak penaltia adierazo dau baloiak Dani Vivianen eskuan nahi barik eta errebotez jo dauanean. Unai Simonek penaltia gelditu deutso Muriqiri, baina honek ez dau parkatu aldaratzean. Kontuak kontu, Athleticen erantzuna automatikoa izan da barriro be, eta Nico Williamsek bardinketaren gola sartu dau hiru minutu beranduago, 45. minutuan, eskuadran kokatutako jaurtiketa bati esker.

Bigarren zatian, aukera gitxi euki arren, partiduaren pisua eroan dau Athleticek, epaileak gura izan dauan momentura arte. 69. minutuan, jokaldi bat errebisetako deia jaso dau epaileak. Guzmanek monitorera hurreratu eta jokaladia plano desbardinetatik ikusteko aukerea euki dau. Zalantza gitxi uzten ebazan jokaldiak: Muriqik falta egin deutso Yuriri eta, horren ondorioz, baloia jokalari zarauztarraren eskuan jo dau. Inork espero ez ebanean, Guzmanek Mallorcaren aldeko penaltia adierazo eta Athleticeko hiru jokalari kaleratu ditu erabagi okerra protestatzearren. Guruzetak zelaia itxi behar izan dau bigarren txartel horia ikusita eta Unai Gomezek eta Lekuek txartel gorria ikusi dabe aulkitik. Ganera, Adama Boiro eta Sancet txartel horia ikusi dabe jokaldi berean. Muriqik ez dau hutsik egin penalti puntutik.

Oindino denpora gelditu arren, Athleticek ez eukan zer egiterik zelaian, Guzmanek bere aukera guztiak suntsitu ditualako. Halanda be, azken minutuetan, Athleticek penalti bat eskatu dau, baloia Samu Costaren eskuan jo eta gero; nortasun bako epailea ez da errepikapena ikustera joan. Ondorioz, hiru puntuak Mallorcan gelditu dira, 12 minutuko luzapena jokatu eta gero, eta Athleticek porrot bategaz ekin deutso bigarren itzuliari.

Hil ala biziko partidua Txapeldunen Ligan

Dana dala, Athleticek atzean itxi beharko dau Mallorcan gertatutako guztia ahalik eta lasterren. Izan be, Atalantaren kontrako partidu erabagigarria jokatuko dabe lehoiek eguazten honetan Bergamon, Txapeldunen Ligako zazpigarren jardunaldian. Athleticek falta diran partidu biak irabazi behar ditu txapelketa honetan aurrera egin gura badau. Ostean, Sevillaren kontra jokatuko dabe zuri-gorriek datorren zapatuan Sanchez Pizjuan estadioan, ligako 21. jardunaldian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00