Bartzelona Athleticen gainetik pasatu da Superkopan

Bartzelonak bost gol sartu deutsoz Athletici, horietako lau lehen zatian

Saudi Arabiako hareetan hondoratu da Athletic. Superkoparen bila joan dira, baina aurkitu dabena harea izan da.

Hamaikakoan ezustekoa emon dau Ernesto Valverdek. Nico Williams aulkian itxi dau. Horrez gain, Alejandro Regoren aldeko apustua egin dau zelai erdian, eta goikaldean Iñaki Williams aurrelari lanetan ibili da. Ondo sartu da partidura talde bilbotarra. Lehen minutuetan presinoa zentzuagaz egiten ibili da, Bartzelona larri ebilenean presinoa egin eta bestela, taldea zelai erdian jarriz. Egungo txapeldunari arazoak sortu deutsaz presino horrek eta Hansi Flicken taldea deseroso ibili da lehen minutuetan. Baina lehen golak itzelezko mina egin deutso talde bizkaitarrari. Epaileak Bartzelonaren aldeko falta bat adierazi dau, Berenguerrek eginikoa, baina honek ez dau ezta jokalari brasildarra ikutu. Falta arin atera eta golean amaitu da jokaldia. Lehen goletik aurrera, partidua monologo hutsa izan da.

Gol bat bestearen ostean etorri da. Lehen golak itzelezko mina egin deutsa Athletici. Epaileak atsedenaldirako agindua emon aurretik, Bartzelonako erasoko lau jokalariek gola egin dabe, bakotzak bana. Erosotasun osoz jokatu dabe eta Athletic, aldiz, ezinean. Halan da be, gola sartzeko aukera ederra euki dau Sancetek, baina nafarraren jaurtiketa zutoinera joan da.

Bigarren zatia lehen zatia amaitu dan antzera hasi da eta ohartu orduko, Raphinak bere bigarrena egin dau eta taldearen bostgarrena. Azken minutuetan ez da gauza askorik pasatu. Talde biak partidua amaitzeko irrikitan pasatu dabe azken ordu erdia.

Athletic Saudi Arabiara ilusinoz beteta joan bada be, emondako irudiak ez dau hori erakutsi. Hurrengo partidua, Errege Kopako final zortzirenak, Cultural Leonesaren kontra.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00