BBK Salak 56.600 ikusle baino gehiago izan dauz 2025ean

2026ko programazinoa be aurkeztu dabe: 40 kontzertu baino gehiago, arte eszenikoak, antzerki-produkzino propioak, zine-emonaldiak...
David Caíña, Ane Pikaza eta María Goiricelaya (La Dramática Errante), Xabi Camarero eta Dani Vicente (Urtz), Koldo Bilbao (BBKko kultura arduraduna) eta Andoni Aizpuru eta Iñigo Zubizarreta (Erromintxelak) / BBK Sala

Kultura guztiontzat lelopean, Bilboko BBK Salak 2026rako programazino osoa aurkeztu dau gaur. 40 kontzertu baino gehiago, arte eszenikoen hamar proposamen, antzerki-ekoizpen propio bi, 40 zine-emonaldi inguru eta kultura-, gizarte- eta hezkuntza-arloko hainbat jarduera izango dira. Eskaintza honek indartu egiten dau BBK Salak Bizkaian erreferentziazko kultura-gune lez daukan zeregina.

Gaur goizeko ekitaldian Koldo Bilbao BBK-ko kultura arduraduna eta datozan hileetan programazinoan parte hartuko daben euskal artistetako batzuk izan dira. Besteak beste, David Caíña, Kepa Alesso, Erromintxelak, María Goiricelaya eta Ane Pikaza. Ekitaldian, ganera, Urtz taldeak zuzeneko emonaldi akustikoa eskaini dau. Izan be, musika talde gipuzkoarrak zezeilaren 7an dauka programauta formatu horretako kontzertua BBK Salan. Emonaldi horretarako sarrera guztiak agortu dira.

Koldo Bilbao BBK-ko kultura arduradunak erabilera anitzeko espazio honek Bizkaiko kultur motor lez daukan papea azpimarratu dau. 15 urteren ostean BBK Sala ez dala erakusketa gune bat bakarrik, sorkuntza babesten dauan gune bat be badala nabarmendu dau Bilbaok. Ildo horretatik, 2026ko programazinoak tokiko talentuagaz, diziplinen aniztasunagaz eta eskaintza egonkor, eskuragarri eta inklusiboagaz daukan konpromisoa indartzen dau.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00